CYD Fundazioaren 2021eko unibertsitate rankingak, zeina asteazken honetan, maiatzak 12, eman baita aditzera, finkatu egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskualdeko garapenari ekarpena egiten dioten unibertsitateen artean duen lekua. Gainera, NUP rankingaren goialdean sartu da adierazle hauetan: graduazio tasa —graduan matrikulatutako ikasleen artean graduko ikasketen programa arrakastaz amaitzen dutenen ehunekoa neurtzen du— eta argitalpen oso aipatuak —arlo bereko eta urte bereko beste argitalpen batzuekin alderatuta, gehien aipatutakoen % 10en barnean unibertsitate batek dituen argitalpenen proportzioa—.
Rankingak Espainiako 77 unibertsitatetako emaitza instituzionalak erakusten ditu; unibertsitate horiek publikoak (48) zein pribatuak (29) dira, presentzialak edo ez-presentzialak. Zehazki, 37 adierazle aztertzen ditu, eta haien emaitzak errendimendu handiko, ertaineko edo txikiko taldeetan sailkatzen ditu. Adierazleak bost dimentsiotan daude taldekatuak: eskualdeko garapenari egindako ekarpena, irakaskuntza eta ikaskuntza, ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta nazioarteko orientazioa.
Eskualdeko garapenari egindako ekarpenaren dimentsioan, NUPek errendimendu handia lortu du lau adierazleetatik 3tan: praktikak eskualdeko enpresetan, argitalpenak eskualdeko enpresekin eta eskualdeko ikerketa-funtsak; laugarren adierazlean —eskualdeko argitalpenak—, berriz, errendimendu ertaina lortu du. Talde berean beste lau unibertsitate daude: Bartzelonako Autonomoa, Málagakoa, La Laguna eta Internacional de Catalunya.
Ildo horretan, Federico Linares Ernst & Young (EY) España entitateko eta Cádizko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko buruak txostenaren aurkezpenean adierazi duenez, “CYD rankinga bereziki baliagarria da unibertsitateek beren komunitateetan duten zeregina eta eragina neurtzeko, eta hori oso lagungarria da kontseilu ekonomiko eta sozialentzat gizarte osoarentzako zeharkako neurriak bultzatzeko orduan”.
Irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren dimentsioan 9 adierazle daude, eta NUPek horietako bost errendimendu handiko taldean ditu, eta lau errendimendu ertainekoan. Zehazki, dimentsio horretan eta Erizaintzaren arloan, Espainiako 5 unibertsitate onenen artean dago Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Aurreko rankingarekin alderatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hobera egin du bost adierazletan: graduazio tasa, arrakasta tasa, argitalpen oso aipatuak, diziplinarteko argitalpenak eta enpresekin egindako argitalpenak. Gainera, errendimendu handia mantentzen du dimentsio hauetan: ikerketa (irakasleei aitortutako ikerketa-tarteen, doktoretza ondokoen edo egindako argitalpenen bidez neurtua, besteak beste) eta ezagutzaren transferentzia (per capita patenteak, spin-offen sorkuntza, patenteetan aipatutako argitalpenak, etab.). Era berean, mailarik altuena mantentzen du atzerriko hizkuntzan emandako graduko titulazioen adierazlean, nazioarteko orientazioaren dimentsioaren barnekoan.
Eskualdeka, Nafarroa, Katalunia, Euskadi, Madril eta Valentzia dira errendimendu handieneko taldean 20 adierazle baino gehiago dituzten 5 autonomia erkidegoak.
NUPerako ebaluatutako 36 adierazleetatik (enpresekiko patenteena ez zaio aplikatzen), NUPek errendimendu handiko 15 adierazle lortu ditu, errendimendu ertaineko 18 eta errendimendu txikiko 3. Oro har, Nafarroako Unibertsitate Publikoa Espainiako unibertsitateen goialdeko segmentuan kokatzen da.
Francesc Solé CYD Fundazioko presidenteordearen arabera, “ranking bat kalitatezkoa izateko, erabilgarria izan behar da. Ranking batek gazteei orientazioa ematen badie unibertsitate jakin batean titulazio bat aukeratzeko unean, unibertsitateei erabakiak hartzen laguntzen badie eta unibertsitateko politikaren arduradunei laguntzen badie, erabilgarritasun baldintza hori betetzen du.
Datu horiei dagokienez, Martin Larraza Kintana Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako errektoreordeak positibotzat jo du NUPek lortutako emaitza, “Espainiako unibertsitateen artean 12. postuan baitago errendimendu globalari dagokionez, 9. postuan unibertsitate publikoen artean, eta are garrantzitsuagoa dena: hobekuntza bidea sendotzen du, eta heldu diren edizioetan ere bide horretatik segitzea espero dugu”.
Eskualdeko garapeneko adierazleak
Arlo horretako lau adierazleak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak lortutako balioa honako hauek dira: praktikak eskualdeko enpresetan, non NUPek % 98,32 lortu baitu, eta unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoan praktikak egin dituzten graduko eta masterreko ikasleen ehunekoa adierazten baitu, praktikak egin dituzten ikasleen kopuru osoarekin alderatuta; eskualdeko argitalpenak (% 15,5), zeinak unibertsitatetik 50 km-ko erradioaren barruan kokatutako erakunde batean gutxienez egilekide bat duen unibertsitateko argitalpenen ehunekoa erakusten baitu; eskualdeko ikerketa-funtsak (% 46,3), zeina unibertsitatea dagoen autonomia erkidegotik datozen ikerkuntzako kanpoko diru-sarreren ehunekoa baita; eta eskualdeko enpresekin egindako argitalpenak (% 19,5), zeinak adierazten baitu eskualdeko enpresa baten filiazioa duen egileren bat duten argitalpen zientifikoen ehunekoa.
CYD rankinga eta bere berritasunak
CYD Fundazioak (Jakintza eta Garapena) urtero egiten du CYD rankinga. Tresna horrek zenbait adierazle kalkulatzen ditu erakunde eta jakintza-arlo bakoitzeko, eta, horri esker, unibertsitateen egoera alderatzen ahal da, aipatutako dimentsioen arabera.
Ranking hori da unibertsitate gehien jasotzen dituen Espainiako rankinga; izan ere, 77 unibertsitateren datuak biltzen ditu, hau da, RUCTen (Unibertsitateen, Ikastegien eta Tituluen Erregistroa) bildutako graduko ikasketak ematen dituzten 86 unibertsitateen % 89,5.
CYD rankingaren oraingo edizioak 2.998 titulazio biltzen ditu, unibertsitateen egoera aipatutako dimentsioen arabera alderatzeko. Gainera, 2 jakintza-arlo gehitu zaizkie aurreko edizioetan zeuden 25ei: Albaitaritza eta Nekazaritza.