Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Erizaintzako Graduko hirugarren ikasmailako ehun bat ikaslek, lau kideko taldetan bilduta, 25 lan aurkeztu dituzte poster formatuan, biltzar bat simulatuz, “Osasun arloko proiektuak prestatzea” seihilekoko nahitaezko irakasgaiaren esparruan.
Nerea Bermejo Yanguas, Anne Carricaburu Recarte, Marlén Díaz Perales eta Miriam Gastón Lorente ikasleek osatutako talde batek erizaintzako profesionalen tabako ohitura aztertu zuen.
Cristina García Vivar irakasgai horren arduraduna den irakaslearen ekimena izan da, eta helburua zen ikasleek azterketa bibliografiko bat egiten ikastea, metodo zientifikoa (galdera garrantzitsu bat planteatzea, datu-base zientifiko nazionaletan eta nazioartekoetan bilaketa egitea eta literatura berrikustea) osasunaren munduko gaurkotasuneko gai bati aplikatuz.
Álvaro García, Nerea Gurrucharri, Iraitz Irisarri eta Leire Irisarri ikasleek osatutako beste talde batek pediatriako kirurgia aurreko estresari nola egin aurre aztertu zuen.
Aldi berean,ikasleek zeharkako gaitasunak garatzea bilatzen zuen irakasleak, hala nola elkarlaneko ikaskuntza, jendaurrean hitz egiteko gaitasuna eta gai bat laburtzekoa (hamar minutu zituzten ahozko aurkezpena egiteko). “Prestakuntza ona da gradu amaierako lana edo beste ikerketa batzuk defendatu behar dituztenerako”, dio irakasleak.
Gaurkotasuneko gaiak eta ikasleen gogobetetzea
Hainbat gai landu dituzte ikasleek; esate baterako, honako hauek: COVID-19ak nerabeengan duen eragin emozionala, koronabirusak adineko pertsonengan duen eragina, adinekoen sexualitatea, haurren obesitatearen prebentzioa, tabako-ohitura erizaintza lanbidean, arteterapia eta bularreko minbizia, pediatriako kirurgia aurreko estresa, populazioaren osasuna hobetzeko estrategiak edo gizakiaren neurrira egindako zainketa, besteak beste.
Posterrak aurkezteko saioa erakusketarako tartea emanez eta galderentzako txanda irekiz egin zen, irakasleak moderatuta. Irakasleak azaltzen duenez, ikasleek modu aktiboan hartu zuten parte, adierazgarriak ziren lanak, eta ongi prestatu eta aurkeztuta zituzten.