Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Jaime Brunet Fundazioak Núria Reguart Segarra Castellóko Jaume I Unibertsitateko Zuzenbideko doktoreari eman dio aurten Doktoretza Tesien Brunet Saria, “Los pueblos indígenas y la protección de sus convicciones religiosas ante conflictos de acaparamientos de tierras y aguas” doktoretza-tesiarengatik. 2.000 euro eta diploma bat jasoko ditu, eta doktoretza-tesia argitaratuko diote.

zoom Nuria Reguart

Núria Reguart Segarra bere doktoretza-tesiarekin (lagatako argazkia)

Giza eskubideekin eta horien defentsarekin eta sustapenarekin harreman zuzena duten oinarrizko ikergaiak landu dituzten doktoretza-tesiak nabarmentzea da sariaren helburua. Núria Reguarten doktoretza-tesiak herri indigenen erlijio edo sinesmen askatasunaren eskubidearen berezitasuna berrestea izan zuen helburu, lur eta urak bereganatzeko gatazketan ezinbestean bortxatu ohi baita. Izan ere, gatazka horiek lurralde tradizionalen osotasuna mehatxatzen duten, baliabide naturalen ezin zenbatuzko aberastasunaren eta oparotasunaren ondorioz.

Egileak azaldu duenez, giza eskubideen urraketa horien muinean herri horien erlijio edo sinesmen askatasunerako eskubidearen urraketa dago, beren antzinako lurraldeei estuki lotua dagoena. “Horiekin duten lotura espiritual sakonaren ondorioa da, beren sinesmenen sistemen funtsezko oinarria dena eta beren mundu ikuskerari eta bizimoduei azken zentzua ematen diena. Agerikoa da haien erlijio sinesmenak urrundu egiten direla Mendebaldeko Europako parametroetatik, baina hori ez da oztopo oinarrizko eskubide horren titular duinak izan daitezen, eskubide horren gozamen efektiboak beren lurrak eskuragarri izatea, kontrolatzea eta baliatzea eskatzen baitu ezinbestean”.

Egindako ikerketa ez da komunitate edo herri indigena bakar baten kasura mugatzen; aitzitik, frogatu nahi du giza eskubide horren urraketa munduan lur indigenak bortxaz bereganatzeko izaten diren kasu askotan gertatzen dela.

Núria Reguarten arabera, errekonozimendurik ezak baldintza ekologiko naturalek okerrera egitea eragiten du, eta ingurumen politikak betetzearen gainetik dauden interes ekonomikoen nahierara gelditzen dira. Hori dela eta, “herri indigenen erlijio askatasunaren eskubidearen berme eraginkorra da aurre egin beharreko bi erronka nagusien oinarria, hots, klima aldaketarena eta lurren bortxazko jabekuntzarena”, eta “ekintza hori da eraginkorrena haien biziraupena eta Lurraren ongizatea bermatzeko”.

Curriculum vitaea

Núria Reguart Segarra Zuzenbidean graduatua eta Zuzenbidean doktorea da Castellóko Jaume I Unibertsitatean, eta, gaur egun, Estatuaren Eliza Zuzenbideko irakasle laguntzaile dihardu unibertsitate horretan bertan. Giza Eskubideei eta Oinarrizko Eskubideei buruzko ikerketa-taldeko kidea da Jaume I Unibertsitatean, baita REDH-EXATA sareko kidea ere (Enpresen eta Giza Eskubideen Sare Iberoamerikarra, estraktibismoa eta lurraren eta uraren bortxazko jabekuntza dituena ardatz).

Era berean, “Acaparamientos de tierras y recursos, ecocidio y pueblos indígenas” (UJI-A2020-04) proiektuaren ikerketa-taldeko kide da, zeinaren ikertzaile nagusia Chiara Marullo doktorea baita. Bere ikerketa-ildoak enpresen diskurtsoan eta giza eskubideetan oinarritzen dira, eta, zehazki, herri indigenen giza eskubideetan eta haien erlijio askatasunean. Hizlari moduan, hainbat jardunaldi eta biltzarretan hartu du parte, besteak beste Strathclyde Unibertsitatean, Rovira i Virgili Unibertsitatean, University College Roosevelt instituzioan, Valentziako Unibertsitatean eta Genevako Business, Conflict and Human Rights Network erakundearen egoitzan. Bere argitalpenik garrantzitsuenen artean, honako hauek dira nabarmenenak: “Business, Indigenous Peoples’ Rights and Security in the Case Law of the Inter-American Court of Human Rights”, Business and Human Rights Journal, 4. bol., 1 zk., 2019, 109-130. or.; eta “La protección del conocimiento tradicional indígena a través del derecho a la libertad religiosa: un nuevo frente en la lucha contra el cambio climático”, Revista General de Derecho Canónico y Derecho Eclesiástico del Estado, 49 zk., 2019, 1-32. or.