Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ignacio del Villar Fernández eta Ignacio Matías Maestro irakasleek idatzi dute “Optical Fiber Sensors: Fundamentals for Development of Optimized Devices” izeneko liburua (Zuntz optikozko sentsoreak: gailu optimizatuak garatzeko oinarriak), eta Wiley-IEEE Press etxeak argitaratu du. Zuntz optikozko sentsoreen teknologiaren oinarriak aztertzen ditu, eta egiazko adibideak ematen ditu planteatutako kontzeptuak argitzeko. Ingeniari eta ikertzaileentzat dago idatzia bereziki.

zoom Irakasleak

Ezkerretik eskuinera Alayn Loayssa, Ignacio Matías, Ignacio del Villar eta César Elosúa Aguado irakasleak

Liburua idazten lagundu dute, halaber, NUPeko Alayn Loayssa Lara, César Elosúa Aguado eta Diego López Torres irakasleek eta beste herrialde batzuetako adituz osatutako talde on batek.

Liburuak 544 orrialde ditu, eta, sentsoreei buruzko oinarrizko kontzeptuak ez ezik, beste gai hauek ere jorratzen ditu: sentsore banatuak, sentsore biomekanikoak, gasez eta konposatu organiko lurrunkorrez egindako sentsoreak, nanoteknologiak zein aplikazio dituen zuntz optikozko sentsoreetan, sentsore kimikoak, biosentsoreak eta nola instalatzen ahal diren sentsoreak ingurune zailetan, muturreko tenperatura dagoen lekuetan adibidez.

Ignacio del Villar Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea da, eta elektronikari eta komunikazio industrialei buruzko eskolak ematen ditu. IEEE institutuko kide da (Institute of Electrical and Electronics Engineers), eta zenbait aldizkaritako editore-laguntzailea ere bai. Hainbat ikerketa-proiektutan hartu du parte, eta zuntz optikozko sentsoreei buruzko 150 artikulu, hitzaldi eta liburu-kapitulu baino gehiago idatzi ditu beste aditu batzuekin batera.

Ignacio Matías, berriz, Teknologia Elektronikoko katedraduna da NUPen. “IEEE Sensors Journal” aldizkaria sortu zuten editore-laguntzaileetako bat izan zen. Zuntz optikozko sentsoreei buruzko 500 liburu- edo aldizkari-kapitulu eta hitzaldi-artikulu baino gehiago idatzi ditu beste aditu batzuekin elkarlanean. Gaur den egunean, AdCom del IEEE Sensors Council kontseiluko kidea da.