Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko egresatu batzuei NUPeko ikasketei buruz zer iritzi duten eta nolako lan-egoeran dauden galdetu diete. Azterlanaren emaitzen arabera, graduko tituludunen % 92,2 ari dira batez beste lanean ikasketak bukatu eta hiru urteren buruan; masterreko tituludunen kasuan, berriz, haien % 91,2 ari dira batez beste lanean ikasketak bukatu eta bi urtera. Denek ere 4tik 3,5 punturekin baloratu dute gaur den egunean duten lana.
CIES Ikerketa eta Ikasketa Sozialen Zentroak hasi zuen 2020ko abenduan azterlan horretarako landa-lana, eta, informazioa biltzeko, telefono bidezko elkarrizketak egin zizkieten honako hiru alderdi hauei buruz: lan-egoera, ikasitako tituluari buruzko iritzia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko fideltasuna.
Graduko tituludunen kasuan, lanean ari direnen batezbestekoa % 92,2 da, haien % 3,4 langabezian dago, eta % 4,5 beste egoeraren batean. Orain lanean ari direnetatik, honako hauek dira ehunekoak fakultatearen edo eskolaren arabera: Osasun Zientzien Fakultatekoen % 98; Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikokoen % 96,3 (NIBGMET); Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko egresatuen % 93 (IITIGMET); Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko tituludunen % 92; Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoen % 91, eta Zientzia Juridikoen Fakultateko tituludunen % 84.
Bestetik, egindako ikasketekin bat datozen lanpostuetan ari ote diren galdetu dietenean, egresatuen % 80,5ek erantzun du baietz, eta are gehiago dira hori erantzun duten Osasun Zientzietakoak (% 97) eta Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Eskolakoak (% 80,9). Titulazioaren araberako sailkapen zehatzago batek dioenez, ikasitakoarekin bat datozen lanpostuetan ari dira Informatika Ingeniaritzako graduatuen % 100; Erizaintzakoen % 97,1; Fisioterapiakoen % 96,9; Lehen Hezkuntzako Irakasletzakoen % 89,7; eta egresatuen % 80tik gora dira ikasketa hauetan: Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza, Industria Teknologien Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa, Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza, EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza eta Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Gradua.
Bestalde, emakumeen eta gizonen egoerari begira, emakume gehiagok lortu dute egindako ikasketekin bat datorren lanpostua: emakumeen % 83,2k eta gizonen % 77,3k alegia. Titulazioaren araberako ehunekoari erreparatuta ere emakumeak gehiengo dira, Soziologian eta Zuzenbidean izan ezik.
Elkarrizketetan, beste alderdi hauei buruz zer-nolako iritzia zuten ere galdetu zieten: ikasketen antolaketa, irakasleak, eskura izandako baliabideak, ikasitako titulua, eta NUP, oro har. Alderdi horien guztien balorazioan, 4 puntutik 3,06 lortu zituen NUPek batez beste. Puntuaziorik handiena eta txikiena aintzat hartuz gero, 2,6 puntu eman zizkion ikasle ohi batek eta 3,4 beste bik.
Azkenik, fideltasuna neurtzeko aldagaiak jasotzen ditu txostenak. Egresatuei galdetu zieten ea NUPen ikastea eta beren titulazio bera egitea gomendatuko ote lioketen inori, eta bi galderen batez besteko puntuazioa 3,2 izan zen. Eskolaren eta fakultatearen araberako sailkapenean, puntuaziorik altuenak Osasun Zientzien Fakultateak eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoak lortu zituzten; titulazioen sailkapenean, berriz, Ingeniaritza Informatikoak (4tik 3,7).
Masterretako egresatuak
NUPen master bat egin dutenen lan-egoerari dagokionez, haien % 91,2 lanean ari dira orain, % 3,3 langabezian daude, eta % 5,6 beste egoeraren batean. Gaur egun beharrean ari direnetatik, honako hauek dira ehunekoak fakultatearen edo eskolaren arabera: Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko egresatuen % 95,5; Osasun Zientzien Fakultatekoen % 87,5; Zientzia Juridikoen Fakultatekoen % 87,2; Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikokoen % 86,7 (NIBGMET), eta Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoen % 84,9.
Bestetik, egindako masterrarekin bat datozen lanpostuetan ari ote diren hartzen badugu kontuan, batez beste egresatuen % 77,7k dio baietz, eta are gehiago dira hori dioten Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Eskolakoak (% 86,5). Masterraren araberako sailkapen zehatzago batek dioenez, ikasitakoarekin bat datozen lanpostuetan ari dira lanean master hauetako tituludunen % 100: Nekazaritzako Ingeniaritza, Proiektuen Zuzendaritza, Energia Berriztagarriak, Ingeniaritza Mekaniko Aplikatua eta Konputazionala, eta Esku-hartze Soziala Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin.
Sexuaren araberako egoerari dagokionez, masterdun emakumeen % 89,9 eta gizonen % 86,1 ari dira lanean. Ikasitakoarekin bat datozen lanpostuetan ari direnetatik, emakumeak dira gehiengoa, master hauetan izan ezik: Abokatutzarako Sarbidea, Laneko Arriskuen Prebentzioa eta Ingeniaritza Biomedikoa.
NUPi buruzko iritzi orokorrari eta fideltasunari buruz, graduko egresatuen antzeko balorazioak egin dituzte masterrekoek ere: 4tik 3,1 puntu iritzi orokorrean eta 3,2 puntu fideltasunean.
Nori egin zaion elkarrizketa
NUPeko graduetako tituludunen lagina 848 lagunek osatu zuten, eta inkesta 1.124ko populazioari egitea zen helburua. Lagin horren errore-marjina % 1,67 izan zen % 95,5eko konfiantza-mailarentzat.
Masterreko tituludunen helburuko populazioa 368 lagunekoa zen, eta 263k hartu zuten parte. Lagin horren errore-marjina % 3,23 izan zen % 95,5eko konfiantza-mailarentzat.