Javier Pérez Pujol Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Teknologien Ingeniaritzako graduatuak desgaitasunarekin lotutako Ikasketa Amaierako Lan Hoberenaren V. Saria jaso du ate gidaridunentzako kisketa irisgarri bat diseinatzeagatik. “Unibertsitatea eta Desgaitasuna” elkarteak egin du lehiaketaren deialdia, NUPeko irakasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek osatutako elkarteak.
Sariak banatzeko ekitaldia. Mahaian, Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea eta Carlos Alonso Vega elkarte antolatzaileko kidea.
Sariak banatzeko ekitaldian, bi accesit ere eman dituzte: David González Guembe Industria Teknologien Ingeniaritzan graduatuari eman diote bat, hatzen flexioa neurtzeko gai den eskularru funtzional baten prototipoa sortzeagatik; izan ere, errealitate birtualeko inguruneetan erabiltzeko balio du, bai eta eragingailuak kontrolatzeko, esku robotikoak adibidez, eta mugikortasun urriko pertsonen psikomotrizitatearen errehabilitaziorako ere; beste accesita, berriz, Julen Vallejo Alonso Ingeniaritza Mekanikoko graduatuari eman diote, desgaitasunen bat dutenentzako egokitutako rokodromo bat egiteagatik.
Erakundeetako ordezkariak eta saridunak. Ezkerretik eskuinera, Raquel Sáenz Mendia elkarteko kidea, David González Guembe accesit-sariduna, Sagrario Anaut Bravo elkarteko presidentea; Joaquín Sevilla Moróder lan irabazlearen zuzendaria; Javier Pérez Pujol sariduna; Begoña Pérez errektoreordea, Julen Vallejo Alonso accesit-sariduna eta Carlos Alonso Vega elkarteko kidea.
Sari banaketan, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreorde Begoña Pérez Eransusek egin zuen buru. “Unibertsitatea eta Desgaitasuna” elkarteko eta haren batzordeko zenbait kide ere izan ziren ekitaldian, Sagrario Anaut Bravo presidentea buru zutela.
Kisketa irisgarria, errehabilitaziorako eskularrua eta rokodromo egokitua
Saria irabazi duen Ikasketa Amaierako Lanaren izena “Kisketa irisgarria ate gidaridunentzat: halako gailu baten beharraren detekzioa eta diseinuaren definizioa” da, eta Joaquín Sevilla Moróder Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko katedradun eta Smart Cities Institutuko ikertzailea izan da haren zuzendaria (ISC). Javier Pérez Pujolek gaur egungo kisketen diseinua hobetu, eta irisgarritasun unibertsalaren zazpi printzipioak betetzen dituen kisketa bat diseinatu du.
Bestetik, David González Guemberen lanaren izenburua “Datu-eskularrua, Velostatez egindako flexio sentsoreduna” da, eta Asier Marzo Pérez Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslearen zuzendaritzapean egin da. Kostu txikiko irtenbide teknologiko bat da, eta psikomotrizitatea hobetzeko errehabilitazioa egin behar dutenentzat balio du, edo errehabilitazioaren bilakaeraren erregistroa egin behar den kasuetarako. Horretarako, Velostat izeneko plastiko mota bat ikertu du ingeniariak, zehazki nolako portaera duen flexio eta presio sentsore gisa, eta datu-eskularru funtzional batean integratu du.
Beste accesita irabazi duen lana Julen Vallejo Alonsoren “DENOK izeneko rokodromo egokitua” izan da, eta Sara Marcelino Sádaba Ingeniaritza Saileko irakasle eta Smart Cities Institutuko ikertzaileak gidatu du (ISC). Lan horretan, aisialdirako leku bat, rokodromoa, modu berritzailean egokitu du ingeniariak desgaitasunen bat dutenek erabili ahal izateko. Izan ere, zenbait desgaitasun motatarako balio du: mugitzeko desgaitasuna, ikusteko desgaitasuna edo espektro autistako nahasmendua dutenentzat.