Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile talde bat ibilgailu elektrikoen bateriek bigarren bizitza bat izateko zenbateko ahalmena eta bideragarritasuna duten ikertzen aritu da Gera proiektuaren esparruan; izan ere, mugikortasun elektrikoa baino aplikazio errazagoak eman nahi dizkiete bateria horiei, besteak beste energia biltegiratzeko sistema gisa erabiltzea energia-iturri berriztagarriek sortutako energia gehiago eman dakion sare elektrikoari.
Ezkerretik eskuinera, Elisa Braco, Alberto Berrueta, Alfredo Ursúa, Adrián Soto, Pablo Sanchis eta Idoia San Martín
I+Gko proiektu estrategiko honen garapena Enercluster kluster eolikoak koordinatu du, eta honako erakunde eta enpresa hauen partzuergo batek hartu du parte: NUP, Acciona Energía, Nordex, Beeplanet Factory, CENER, NAITEC, IED Electronics eta Ingeteam. Proiektuaren helburu nagusia irtenbide integral bat lortzea izan da, zeinak kudeaketako teknologia aurreratuak baititu energia-iturri berriztagarriekin sortutako energia biltegiratzeko eta ondoren sare elektrikoan banatzeko.
Proiektuan lan egin duten NUPeko ikertzaileak Idoia San Martin, Elisa Braco, Alberto Berrueta, Adrian Soto, Alfredo Ursúa eta Pablo Sanchis izan dira, INGEPER (Ingeniaritza Elektrikoa, Potentzia Elektronikoa eta Energia Berriztagarriak) taldeko ikertzaile eta Instituto de Smart Cities (ISC) Institutuko kideak.
Bigarren bizitzako bateriak
Bigarren bizitzako bateriak ibilgailu elektrikoetatik ateratzen dira, artean bizitza erabilgarria dutenean, eta hain zorrotzak ez diren beste aplikazio batzuk ematen zaizkie. Horrela, bateria berrien fabrikazioak dakartzan emisioak saihesten dira, eta ingurumen-inpaktua murrizten da.
Lehen fasean, mota horretako bateria ugariren karakterizazioa egin zuten NUPeko ikertzaileek, eta, hala, baterien egoera, prestazio elektrikoak eta osasun egoera ezagutzeko metodologia zehatz bat garatu zuten. Era berean, halako bateriek zenbateko sakabanaketa duten ere aztertu zuten —ibilgailu elektrikoetan bestelako funtzionamendua baitute—, baita sakabanaketa horrek battery pack delakoen konfigurazioan nolako eragina duen ere.
Bigarren fasean, baterien zahartzea aztertu zuten. Horretarako, ikertzaileek azaldu dutenez, "funtzionamendu kondizio desberdinetan egiten dira saiakuntzak, eta horrek erakusten die bateria mota batek eta besteak funtzionamenduaren arabera nolako degradazioa izanen duten; izan ere, ereduekin aurreikusten dute zenbat iraungo duten bateriek, eta aldagai hori oso garrantzitsua da baterien bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko".
Azkenik, zenbait balidazio egin zituzten egiazko eragiketa-inguruneetan. Horrela, baterien zenbait aplikazio egiaztatu zituzten NUPen mikrosarea erabiliz: autokontsumoko aplikazioak; sareko zerbitzu batzuk ematekoak, hala nola peak shaving edo maiztasuneko erregulazioa; gauean sobran izaten den energia eolikoa aprobetxatzekoa, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioak garatzen laguntzen duten aplikazio egonkorrak. “Horri esker, funtzionamendu-ingurune horietan bateriek zenbateko iraunkortasuna eta bideragarritasuna duten egiaztatu dugu”, esan dute ikertzaileek.
GERA proiektua
GERA proiektua 2018 eta 2020 artean garatu da, eta 4, 7 milioi euroko aurrekontua izan du. Horietatik 1,8 milioi euro Nafarroako Gobernuaren I+Gko 2018ko Proiektu Estrategikoen deialdian lortutako diru-laguntza batetik etorri dira. Lau lan-eskala hauetan garatu da: batetik, energia biltegiratzeko osagaiak eta bateriak; bestetik, sistema lokala (energia sortzen duen unitate bat, biltegiratze-ekipoa duena); hirugarrenik, sistema taldekatua (energia sortzeko eta metatzeko hainbat zentral); eta, azkenik, egungo sistemaren ordezko energiaren merkaturatzea, blockchain plataforma bat erabiliz energiaren jatorria ziurtatzeko eta energia saltzeko smart kontratuak sustatzeko.
CENERek parke eolikoaren eredu osatu bat landu du, eta horren barrenean sartzen da bai parkeko eragiketak optimizatzeko biltegiratzea bai sarean integratzeko sistema. Ingeteamek, bestalde, energia biltegiratzen duen instalazio eoliko baten simulazio eredu integral bat egin du, modua ematen duena kudeaketa integraleko sistemak analizatu eta ezartzeko, ustiategi eolikoaren erantzun dinamikoa komunikazio-tipologia berrien bidez hobetzearren. Beeplanet Factory enpresak zenbait sistema garatu ditu auto elektrikoetatik datozen bigarren bizitzako baterien energia biltegiratzeko; sistema txikienak 4 kWh biltegiratzen ditu; handienak, aldiz, 120 kWh. NAITECek bateriak kudeatzeko sistema edo BMS delako bat garatu du, hardwarea eta softwarea, 12 eta 14 gelaxkako bi prototiporentzat, azkeneko aplikazioa zein izanen den eta araudiak zer dioen kontuan hartuta.
Bestalde, CENER enpresak planta birtual bat sortu du leku batean baino gehiagotan energia sortzeko eta biltegiratzeko zenbait teknologia kudeatzen dituena.
Helburu tekniko, ekonomiko eta ingurumeneko jakin batzuk lortzeko ekipo guztiek modu bateratuan eman beharreko erantzuna optimizatzen du plataformak. Blockchain oso bat garatu da proiektuaren parte gisa, instalazio birtual horretan gertatzen diren agindu eta transakzio energetiko guztiak erregistratzen dituena. GreenLedger du izena, oso garapen berritzailea da, aitzindaria eta segurua muturretik muturrera, eta IoT gailuekin datu fisikoak eskuratzetik hasi eta informazioa bistaratzerainoko faseak hartzen ditu bere baitan.
Ingeteamek energiaren trazabilitatearen garapenean lagundu du, tarteko pasabide bat duen arkitektura bat prestatuz. IED Electronics enpresak energia kontsumitzen eta sortzen duten elementuen arteko komunikazio-elektronikan hartu du parte, eta Acciona Energiak, berriz, aktiboak, erakundeak, erabiltzaileak eta jarraibideak erregistratzeko interfaze bat garatu du, bezeroen kontsumo-puntu bakoitzaren karbono-aztarna eta erantzukizun sozial korporatiboari buruzko informazioa gordetzen dituena.
Enercluster Energiaren Nafarroako Kluster Elkartea da. Nafarroan arlo horretan diharduten 58 enpresa eta jakintza-entitate biltzen ditu, eta industria-balioaren kate oso hartzen du barrenean: fabrikazioa, eragiketak eta zerbitzuak.