Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Fakultateak Irakurketa Kluba jarri du abian. Ekimen hori Fakultatearen proposamen kulturalen barruan dago, eta kide guztiei irekita dago: gradu eta masterretako ikasleei, irakasleei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei.
NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko Irakurketa Klubeko kideak “El hombre en busca de sentido” liburuari eskainitako saioan..
Irakurketa Klubaren helburua osasun fisiko, mental eta emozionalarekin zerikusia duten literatura-lanak irakurriz eta iruzkinduz gozatzea da, eta idazle handien lanak irakurriko dituzte horretarako. “Irakasgaien eduki espezifikoaz haraindi, irakurgai multzo bat eduki eta gozatu ahal izatea da helburua, eta autore handien pentsamenduarekin aberastea eta literatura-lan handien edukia lehen eskutik ezagutzea”, adierazi dute bultzatzaileek.
Udaberriko seihilekoko irakurketa-plana
Klubaren lehen saioa otsailean egin zen. Mary Shelleyren “Frankenstein” lana izan zuten irakurgai dozena bat lagunek. Parte-hartzaileen arabera, esperientzia “oso aberasgarria eta atsegina” izan zen.
Klubaren asmoa da lau obra irakurtzea seihileko bakoitzeko, hilean bat, gutxi gorabehera. Liburu hauek irakurri eta partekatuko dira udaberriko seihilekoan: "Frankenstein" (Mary Shelley), "El hombre en busca de sentido" (Viktor Frankl), “El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes” (Tatiana Tibuleac) eta "La muerte: un amanecer” (Elisabeth Kübler-Ross). Javier Blázquezek, Alfonso Arteagak, Raquel Sáenzek (Fakultateko irakasleak) eta Begoña Espozek (NUPeko Irakurketa Klubaren arduradunak) koordinatuko dituzte saioak.