Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko ikasleek, 4tik 3,34 punturekin baloratu dute ikasturte honetako udazkeneko seihilekoan jasotako irakaskuntzarekiko gogobetetze-maila orokorra, Unibertsitateak azarotik abendura bitartean egindako azken inkestaren emaitzaren arabera. Bai 2019-2020 ikasturtean, COVID-19a agertu zenean, bai 2020-2021 ikasturtean, puntuazioak hobetu egin dira kontsultatutako gai guztietan.

zoom Ikasleak

Ikasleak ingeniaritzako klase batean

Irakasleen gogobetetasunari buruzko inkesta sei hilean behin egiten da, eta erakunde akademikoan ematen den irakaskuntzaren kalitateari buruzko informazioa lortzea du helburu. Ikasleek emandako datuak konfidentzialak dira. Irakasle bakoitzak emandako irakaskuntzari buruzko galderak egiten zaizkie ikasleei, planifikazioari, eskolen garapenari eta emaitzei buruzkoak, eta gogobetetze orokorrari buruzko iritzia ere eskatzen zaie. Hori guztia osatzeko, gogobetetze orokorrari buruzko galdera bat eta iruzkinetarako atal ireki bat daude.

Azkeneko inkesta honetan, ikasleek batez beste 3,49 puntu eman dizkiote irakaskuntza-plangintzari, 3,43 puntu irakaskuntzaren garapenari, eta 3,44 puntu emaitzei, betiere 4 izanik balio handiena.

Eskola eta fakultate bakoitzeko ikasleen balorazioei erreparatuta, erantzun-tasarik handiena (% 28,27) Osasun Zientzien Fakultatean lortu da. Irakaskuntzarekiko gogobetetze-maila, oro har, 3,45 puntukoa da 4tik, eta inkestako gainerako atalak 3,5etik gora baloratu dituzte.

Osasun Zientzietako ikasleek (3,57 puntu), Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoek (3,53) eta Nekazaritza Ingeniaritzako eta Biozientzietako Industria Eskola Teknikokoek -NIBGMET- (3,53) eman dituzte irakaskuntza-plangintzako baloraziorik handienak. Ondoren, Zientzia Juridikoen Fakultatea (3,49) eta Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa (IITIGMET) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea daude. Horien ikasleek balorazio bera ematen diete: 3,42 puntu 4tik.

Irakaskuntzaren garapenari dagokionez, puntuazio onena Osasun Zientzietako (3,50) eta NIBGMETeko ikasleek eman dute (3,49). Atzetik datoz Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (3,46), Zientzia Juridikoen Fakultatea (3,43), Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa (IITIGMET) (3,38) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea (3,31).

Emandako irakaskuntzaren emaitzei dagokienez, Osasun Zientzietako ikasleek 3,45 puntu eman dizkiote; NIBGMETekoek eta Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoek 3,38 puntu; Zientzia Juridikoen Fakultatekoek 3,34 puntu; IITIGMETekoek 3,28 puntu; eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoek 3,18 puntu.

Etengabeko hobekuntza

Inkesta anonimo eta konfidentzial horiek sei hilean behin egiten dira 2008-2009 ikasturteaz geroztik, eta unibertsitateko Kalitatearen Barne Bermerako Sistemaren parte dira (KBBS).

zoom Grafikoak

2016-2017 ikasturtetik aurrerako emaitzak konparatzen dituen grafikoa

2016-2017 ikasturtetik aurrerako emaitzak alderatuz gero, datu guztiak hobetu egiten dira pixkanaka, ikasturte batetik bestera. Hala, irakaskuntza-plangintzan, balorazioa 3,28tik 3,49ra igaro da; irakaskuntzaren garapenean, 3,25etik 3,43ra; irakaskuntzaren emaitzetan, 3,23tik 3,44ra; eta gogobetetze orokorrean, 3,16tik 3,34ra.

Inkesta horien emaitzak kontuan hartzen dira NUPeko irakasle eta ikertzaileen jarduera ebaluatzeko prozesuan. Irakasleek seihileko aktak itxi ondoren ezagutzen dituzte iritzi-azterketaren emaitzak, ebaluazio prozesua amaitutakoan. Unibertsitateak, halaber, irakasle bakoitzaren emaitzak eta sail eta titulazio bakoitzak orokorrean lortutakoak konparatzen ditu. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle batek emandako irakaskuntzaren ebaluazioan ‘bikain’ kalifikazioa lortzeko baldintza dela ikasleei egindako gogobetetze-inkestan emaitza positiboa lortzea.

Iritzi-azterketa Irakaskuntzako eta Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzek modu koordinatuan sustatu du eta Informatika Zerbitzuaren eta Antolamendu, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzuaren laguntza du, bai eta titulazioak atxikitzen diren ikastegiena ere. Horretarako, tresna informatiko bat erabiltzen da. Tresna horrek zenbait galdera-sorta proposatzen dizkie ikasleei, irakasle kopuruaren eta matrikulatutako irakasgaiaren arabera, eta web bidez eta telefono mugikorrez erantzuten ahal dute ikasleek.