Joan eduki nagusira

Sei unibertsitatek (Burgosekoak, Leóngoak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Vigokoak) hartuko dute parte apirilaren 19tik (astelehena) 25era (igandea) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak Iruñeko Udalarekin lankidetzan antolatu duen Unibertsitateko XII. Antzerki Emanaldian. Antzezlanak Iturramako Civivoxen izanen dira, 19:30ean, eta sarrerek euro bat balioko dute. Egitarau osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko. Sarrerak eskuratzeko, modu bat baino gehiago dago: 010 telefonora deitzea, pamplonaescultura.es webgunean eskatzea eta edozein Civivoxetara joatea. Helduentzat dira antzezlan guztiak.

zoom Reparto

: “Tejas Verdes” laneko antzezleak. Goiko eskailera mailan, Adriana Ferreira Batista. Horren behekoan, biolina eskuan duela, Ruth Pascual García. Hurrengo lerroan, urrunetik hurbilera: Adrián González Iglesias, Ane Bienzobas Adrián y Carlota Roku-Epitie Martínez. Behean, urrunetik hurbilera, Nahia Hualde del Moral, Unai Pérez González, Laura Giménez Casado eta José Javier Hernández Herrera.

Zikloan zazpi emanaldi eginen dira, NUPeko Antzerki Taldeak bi saio emanen baititu: “Tejas Verdes” lana larunbatean, apirilak 24, eta igandean, apirilak 25, antzeztuko dute. Fermín Cabal Riera antzerkigile espainiarrak idatzia da lan hori, eta Óscar Orzaiz Resano du zuzendaria. 1998an hasten da kontakizuna, eta Colorina izeneko emakume batek Pinocheten diktadura garaian “Tejas Verdes” izeneko espetxe eta torturalekuan nolako basakeriak sufritzen dituen kontatzen du. 

 XII. Antzerki Emanaldia apirilaren 19an hasiko da “Imperator” lanarekin. Vigoko Unibertsitateko Maricastaña Taldeak antzeztuko du, Fernando Dacostaren zuzendaritzapean. Lan horren oinarria boterea eskuratzeko Hitlerren igoeraren alegoria gisa Bertolt Brecht-ek idatzitako “Arturo Ui-ren igoera geraezina” lana da; izan ere, boterea lortzeko igoera hura eten eginen zen beharbada beste egoera batean; orduko egoera ekonomikoa eta soziala, ordea, lagun izan zituen diktadoreak. 

Hurrengo egunean, hilak 20, asteartea, “Unidad de lugar” antzezlana emanen dute Granadako Unibertsitateko Antzerki eta Dantza Taldekoek. Rafael Ruiz Álvarez da lanaren idazle eta zuzendaria. Espetxeko zelda bat irudikatzen duen leku klaustrofobiko batean, bi presok egin dituzten hilketen xehetasunak kontatzen dituzte. Medea eta Elektra mitikoak ekartzen dizkigute gogora, gaur egun pil-pilean dauden gaietara hurbilduz. Bilakaera handia izanen dute bi emakumeen aho- eta gorputz-adierazpenek, eta esan dutenaren eta ez dutenaren bortizkeria sentituko dute hala.

Euskal Herriko, Leongo eta Burgoseko unibertsitateen emanaldiak

Hilaren 21ean, asteazkena, “Mariage D´Amour” lana taularatuko du EHUko Antzertiola Antzerki Faktoriak Maite Agirreren zuzendaritzapean. Bi maitaleren gorabeherak erakutsiko dizkigute, zerk batzen dituen eta zerk bereizten, eta “bi errealitate psikofisiko desberdin ikusiko ditugu, bata bestearengana iristeko zubiak eraiki behar dituzten bi mundu. Inklusibotasunaren indarra agertzen da batik bat, eta nolako magia eta poesia darion”, dio egitarauak.

Hilaren 22an, “Sweet Jane” lana antzeztuko du Leóngo Unibertsitateko Antzerki Taldeak, Verónica Serradak idatzi eta Javier Rodríguez de la Vargak zuzendutako lana. Lou Reeden izen bereko kantua inspirazio-iturri duen antzezlanak iraganetik etorritako Joana Arc-ekoarekin konektatzen ditu zenbait pertsonaia: Sarah Kane antzerkigilea, aktibista musulman feminista bat eta arauen kontzeptua leherrarazten duen transexual bat Joanarekin batera ibiltzen hasiko dira, eta mundua Joanaz betea dagoela ohartuko gara.

Ostiralean, hilak 23, María Velasco antzerkigilearen “Tratado para saber vivir para uso de las viejas generaciones” lana antzeztuko dute Burgoseko Unibertsitateko Antzerki Taldekoek. Oroimen-ariketa horrek aurrez aurre jarriko gaitu gure oraingo errealitatearekin. “Europa zaharra, Espainia demokratiko zalantzan jarria, behin eta berriz erabiltzen diren klixeak, moral katolikoaren hondarrak, nolako jarrera dugun emoziozkoa denarekin... Aurreko mendeko azkeneko 50 urteetako borroka eta amets guztiak daude islatuak María Velascoren lanean, zeinak INAEMen Egungo Dramaturgien Programako lehenbiziko edizioan hartu baitzuen parte”, dio egitarauak.

Gorago esan bezala, “Tejas Verdes” antzezlanarekin emanen die bukaera NUPeko Antzerki Taldeak antzerki emanaldiei, larunbatean eta igandean, hilak 24an eta 25ean.