Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) proiektu bat jarri du abian lizentziatu berriek, diziplina anitzeko taldeetan banaturik, Nafarroako ikastetxeetara joateko aukera izan dezaten, beren ikasketa-amaierako lanen edukia azaltzeko Batxilergoko ikasleei, baita unibertsitatean duten esperientzia akademikoa eta pertsonala kontatzeko ere. “NUPen korrespontsalak” proiektua apirilean hasiko da esperientzia pilotu baten bidez Iruñeko ikastetxe hauetan: Monjardin Lizeoa, Basoko BHI, Plaza de la Cruz BHI, Mendillorri BHI, Santo Tomás (Iruñeko Dominicas) eta Luis Amigó ikastetxea.
NUPeko korrespontsal-taldea osatuko dutenek aurkeztuko dituzten lanen ardatz nagusia gizarte- eta ingurumen-hobekuntzak bilatzea da, eta horrela laguntzea Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Garapen jasangarrirako helburuak erdiesten. Hala, garapenerako lankidetza, energia berriztagarriak, enpresaren erantzukizun soziala, airearen kalitatearen neurketa, ekonomia soziala eta solidarioa, hezkuntza-proiektu berriak edo berdintasunaren sustapena dira ikasgeletan azalduko diren proiektuen gai batzuk. Helburua da Batxilergoko eta DBHko azken ikasmailetako ikasleek jakin dezatela Unibertsitateko titulazioek zer aplikazio dituzten adin beretsukoak diren pertsonen eskutik, ikuspegi diferentea eta hurbilekoa eskain diezaieten.
Deskribatutako helburu nagusiez gain, honako hauek dira bigarren mailako helburuak: NUPeko ikasketen kalitatea erakustea ikasketa-amaierako lan nabarmenen bidez; Batxilergoko ikasleei beren bizitzako erabaki garrantzitsuak hartzen laguntzea; unibertsitateko ikasleen eta unibertsitate aurreko ikasleen arteko komunikazioa hobetzea; edo genero-estereotipoak haustea, mota bateko eta besteko titulazioak ikasten dituzten emakumeen eta gizonen bidez. Ikastetxeetara joan baino lehen, “korrespontsalek” prestakuntza jaso dute NUPen, eta azalduko zaie proiektuak zer xehetasun dituen eta nola komunikatu behar duten jendearekin.
Esperientzia pilotuan parte hartzen duten korrespontsalak
Honako hauek dira esperientzia pilotu honetan parte hartuko duten tituludunak, zein gradu egin duten adierazita:
Asier Bendoiro Ramírez, Ana Ruiz Ilundáin eta Patricia Alegría Cía (Gradua Industria Teknologien Ingeniaritzan), Mikel Ramos Inza eta Leymer Sarango Herrera (Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan), Javier Pradas Martínez (Gradua Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzan), Izaskun Barba Areso eta Julen Perales Barriendo (EAZko eta Ekonomiako Gradu Bikoitzeko Nazioarteko Programa), Ane Sanz de Galdeano Legarda (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan euskaraz), Raúl Aldaba Aramburu (Gradua Lan Harremanetan eta Giza Baliabideetan), Guillermo Puy Pérez de Laborda (Gradua Industria Teknologien Ingeniaritzan), Hugo Montoya Oyón (Gradu Bikoitza EAZn eta Zuzenbidean), Nerea Soto Úriz (Masterra Bigarren Hezkuntzako Irakasletzan) eta Leire Guillén Garro (Gradua Soziologia Aplikatuan).