Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako Masterreko 66 ikaslek hartu dute parte Energiaren VIII. Astea dela-eta antolatutako erronka berriztagarrian. Talde irabazleak 500 euroko saria jaso zuen, eta honako hauek osatu zuten: Mario López Langas, Carlos Lecumberri Borruel, Lucas Fermín Monreal Ciáurriz, Andrea Vizcay Goñi, Ainhoa López De Goikoetxea Gamboa, Asier Bendoiro Ramírez, Fermín Gómez De León eta Adrián Guinda Iriarte.
Aurtengo erronkaren helburua energia metatzeko sistemak eskala handian ezartzeko plan bat garatzea zen, energia berriztagarriak gehiago barneratzeko eta energia-sistemaren jasangarritasuna eta deskarbonizazioa lortzeko.
Epaimahaia martxoaren 18an bildu zen, eta honako hauek osatutako taldeari eman zion accesita: Pablo Sebastián Artegui, Rubén Moreno Rodríguez, Iñigo García Arbizu, Joaquín Recalde Domínguez De Vidaurreta, Iñaki Ibiricu Elizondo, Luis Tambo Gracia, Guillermo Puy Pérez De Laborda eta Gregorio Olivares Casero. Saria 300 eurokoa zen.
Talde irabazleak zenbait biltegiratze-teknologiaren konbinazioan oinarritutako plana proposatu zuen: litio-ioizko bateriak, ponpaketa-zentralak, hidrogeno berdea, gatz urtuak dituzten eguzki-energia termikoko zentralak, biltegiratze grabitazionala eta ibilgailu elektrikoak. Horretarako, kontuan hartu zituen energia-kontsumoak orduaren, egunaren eta urtearen arabera izaten dituen aldaketak, baita hari buruzko araudia eta finantziazio-iturriak ere. Era berean, proposatutako planaren analisi ekonomikoa ere egin zuen.
Bestalde, accesita lortu zuen taldeak ere biltegiratze-teknologia jakin batzuen konbinazioan oinarritutako plan bat proposatu zuen: hidraulika itzulgarria, inertzia-bolanteak eta hidrogenoa. 2030erako industria, egoitza eta garraioa elektrifikatu eginen direla kontuan hartuta, hainbat egoera aztertu zituen biltegiratze-eskakizun desberdinekin (eguneroko aldaketa, bat-bateko aldaketa sorkuntzan eta kontsumoan, eta ekoizpen berriztagarri gutxiko aldi luzeak).
Pablo Sanchis eta David Astrain NUPeko katedradunek eta Energia Berriztagarrien Katedrako enpresen ordezkari hauek osatu zuten epaimahaia: Marta Barreras Carracedo, Siemens Gamesa ordezkatuz; Sergio Jimenez, STI Norland ordezkatuz; Laura Sada Pezonaga, Ingeteam ordezkatuz; Jesús Gambarte Perez, Nordex Acciona Wind Power ordezkatuz; eta Iñigo Les, CENER ordezkatuz.
Erronka berriztagarria da Energia Berriztagarrien Katedrak urtero antolatutako Energiaren Asteko jardueretako bat, eta unibertsitateko ikasleei energia berriztagarrien arloaren ezaupidea ematea eta haren enpresa nagusiak erakustea da helburua.