Joan eduki nagusira

Juan Carrasco Pérez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Erdi Aroko Historiako katedradun erretiratuak “Crédito, tributación y justicia regia en Navarra (1266-1430)” liburua idatzi du, NUPek berriki argitaratua eta Málagako Unibertsitateak eta Arca Comunis Erdi Aroko eta Aro Modernoko Fiskalitatearen Historiari buruzko Ikerketen Sareak elkarrekin finantzatua. Lan horretan, egileak kreditu pribatuaren hurbilpen bat egin nahi izan du ikuspuntu sozial eta antropologikotik. Liburua egile beraren “Dinero y deuda” lanaren bigarren partea da.

zoom JuanCarrasco

Juan Carrasco Pérez, NUPen.

Garai bateko Nafarroako erresumaren hiriburua zen Iruñetik hegoaldera egin du ikerketa oraingo honetan, bi zerrenda handitan, alderantzizko kono bat balitz bezala: Erdialdea eta Erribera. 

Testuinguru geografiko horretan, landako edo nekazaritzako trukeen ekonomia aztertu du egileak, hura baitzen inguru haietako jarduera “burgesen” oinarria: merkataritza, diruarena barne, eta artisautza. Bolumena zenbait kapitulutan dago banatua: “Tudela y su albalá” izenekoan, zenbait alderdi aztertzen dira, hala nola banku-jardueraren zerga-araubidea, mailegu-emaile juduak eta mailegatutako kapitala, ondasunen eta hipoteken salerosketa edo zorraren banaketa sozial eta geografikoa, baita mairuen eta kristauen aktak ere. “Olite y Val de Funes” kapituluak, berriz, “lur berrien” kolonizazio-prozesuak ditu ardatz, baita zigiluen ordainsariak, onibar eta hipoteken salerosketak eta kristau-titulartasuneko aktak ere, besteak beste. Azkenik, “Cartas tornadas o quenaces y la letra de los porteros” kapituluan, aztergai izan ditu Karlos II.aren zerga- eta diru-politika, errege-prokuradorearen kontuak, “atezainen letra” delakoa nahiz juduen kredituaren beherakada eta kristauek negoziatutako hazkundea. 

Juan Carrasco Pérezen curriculumaren laburpena

Juan Carrasco Pérez Erdi Aroko Historiako katedraduna da, baita Historiako Errege Akademiako kidea ere Nafarroa ordezkatuta. Historiako lizentziatura eta doktoretza egin zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta aparteko saria jaso zuen bertan. Granadako eta Extremadurako unibertsitateetan aritu da irakasle, baita NUPen ere. Azken horretan, saileko zuzendari, dekano eta errektoreorde karguak izan ditu. 1998an, BBVAren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-saria jaso zuen. Bere ikerketa-ildo nagusiak Nafarroako erresumaren historia fiskal eta finantzarioa eta demografia dira.