Joan eduki nagusira

Lide Arenaza Etxeberria Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzietako doktoreak ohitura dietetikoek haurren osasun kardiobaskularrean eta esteatosi hepatikoan (gibeleko gantz-pilaketan) zer-nolako eragina izan dezaketen aztertu du bere doktoretza-tesian. Berak azaldu duenez, emaitzarik garrantzitsuenetako bat hauxe izan da: “Edari azukretsuen kontsumoa (freskagarriak, zuku industrialak, etab.) nabarmen lotua dago gibelean gantza pilatzearekin, edozein izanik ere utzita sexua, adina, hartutako kaloria kopurua, gorputzeko gantzaren ehunekoa, abdomeneko gantza eta bestelako aldagaiak”.

zoom LideArenaza

Lide Arenaza Etxeberria

Espainia da Europa osoan haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentzia handiena duen herrialdeetako bat. Ikuspuntu pediatrikotik, prebalentzia hori handitzea kezkagarria da morbilitate- eta heriotza-arrisku handiagoa dakarrelako. Obesitateari lotutako patologien artetik, gaixotasun kardiobaskularrak, II. motako diabetesa eta gibel koipetsu ez-alkoholikoa dira nagusi; azken horren kasuan, gantz gehiegi pilatzen da alkoholik kontsumitzen ez duten pazienteen gibelean, eta horren progresioak fibrosi hepatikoa edo are kartzinoma hepatozelularra ere eragin dezake.  

Ikerketan zehar, Lide Arenazak, ikerketa-taldeko gainerako kideekin batera, diziplina anitzeko esku-hartze familiarreko programa bat egin zuen 22 astez bizimodu osasungarriak sustatzeko. Programa horrek haurrei eta haien familiei nutrizio-hezkuntza ematea zuen helburu, eta bi gauzatarako izan zen eraginkorra: alde batetik, gehiegizko pisua edo obesitatea duten 8 eta 12 urte bitarteko haurrek hartzen duten kaloria kopurua, karbohidratoak, gantzak eta azukre totalak nahiz erantsiak murrizteko, eta, bestetik, fruta- eta esneki-kontsumoa, gosariaren kalitatea eta dieta mediterraneoarekiko atxikidura areagotzeko. Testuinguru horretan, honako hau azpimarratu du: “Programa burututakoan, haurrek % 43 murriztu dute edari azukredunen kontsumoa, eta horien kontsumoaren murrizketak gibeleko koipearen ehunekoa murriztea izan du ondorio”.

Bere doktoretza-tesia, “The influence of dietary habits on hepatic steatosis and cardiovascular health in children” (Ohitura dietetikoek haurren esteatosi hepatikoan eta osasun kardiobaskularrean duten eragina), Idoia Labayen Goñi NUPeko doktore eta Osasun Zientzien Saileko Fisiologiako irakasle titularrak gidatu du, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Tesia ingelesez egin, eta euskaraz eta ingelesez defendatu du, eta, horrekin batera, bost lan argitaratu ditu eragin handiko aldizkarietan, beste hainbeste ikerketa-proiekturen ondoriozkoak. Ikerketa egiteko orduan planteatu zituen helburuetako batzuk hauek izan ziren: gosariaren kalitatea eta dentsitate energetikoa analizatzea eskola-adineko haurren arrisku kardiobaskularreko faktoreekin; gehiegizko pisua edo obesitatea duten eta profil metaboliko osasuntsua nahiz ez-osasuntsua duten nerabe europarrengan eredu dietetiko mediterraneoarekiko atxikidura aztertzea; eta atxikidura horrek eta bihotz-biriketako ahalmenak adipositate totalarekin eta abdominalarekin duen lotura aztertzea.

Lortutako emaitzetako batzuk

Egindako ikerketa guztien artean, ondorio nagusiak honako hauek izan ziren: patroi dietetiko mediterraneoarekiko atxikidura handiak “adipositate abdominala eta gerora gaixotasun kardiobaskularra prebenitzeko balio liezaieke eskolaurreko haurrei, eta, aldi berean, bihotz-biriketako gaitasun handiagoa izatea onuragarria izan liteke haurrek sabalaldean gantzik ez pilatzeko, baita gorputzeko gantz totala murrizteko ere”. Era berean, patroi dietetiko mediterraneoarekiko atxikidura handia izateak eta arraina kontsumitzeak, dirudienez, “arrisku kardiobaskularreko faktoreak garatzetik babesten dituzte pisu handiegia duten nerabeak, eta, beraz, metabolikoki osasuntsua den obesitatearekin lotzen dira”.

Bestalde, kalitate handiko eta dentsitate energetiko txikiko gosari bat mesedegarria litzateke gehiegizko pisua edo obesitatea duten haurrek arrisku kardiobaskularreko faktorerik ez garatzeko, eta edari azukredunak ez kontsumitzeak, berriz, lagundu egin liezaieke gehiegizko pisua duten haurrei gibelean gantza pilatu dakiela saihesten.

Bizimodu osasungarriak lantzeko esku-hartze familiarreko 22 asteko programari dagokienez, batez ere nutrizio-heziketa izan zuen ardatz, eta eraginkorra izan zen gehiegizko pisua edo obesitatea duten haurren ohitura dietetikoak hobetzeko. “Edari azukredunen kontsumoa murriztea eraginkorra izan zen adingabeen gantz hepatikoaren pilaketa murrizteko, edari azukredunek esteatosi hepatikoan ondorio kaltegarriak eragiten dituztela bermatuz”, adierazi du ikertzaileak.

Curriculum vitae laburra

Lide Arenaza Etxeberriak Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua eta Elikadurako eta Osasuneko Masterra egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterra egin zuen NUPen, eta bertan gauzatu du Osasun Zientzietako doktoretza (Nazioarteko Aipamena). Bere prestakuntzan zehar, ikerketako zenbait egonaldi egin ditu: Haurrentzako Los Angeleseko Ospitaleko The Saban Ikerketa Insitutuan (University of Southern California, AEB), Granadako Unibertsitateko PROFITH ikerketa-taldean eta Munduko Osasun Erakundearen International Agency for Research on Cancer delakoan (Lyon, Frantzia).

Beste ikertzaile batzuekin batera, 18 argitalpen egin ditu eragin handiko aldizkari zientifikoetan (egile nagusia izan da horietako bostetan), eta Espainiako nahiz nazioarteko hamar bat kongresu zientifikotan eta jardunalditan hartu du parte.