Nafarroako Unibertsitate Publikoak Lucía Serrano Sánchez juristaren doktoretza-tesiaren moldaketa bat argitaratu du. Tesi horrek Doktoretza Tesien III. Jaimen Brunet Saria irabazi zuen 2019an; izan ere, sari horren bidez nabarmendutako tesien oinarrizko ikergaiek lotura zuzena izaten dute giza eskubideekin eta haien defentsarekin eta sustapenarekin. Tesi saridunaren egileari 2.000 € ematen dizkiote, eta argitara ematen dute lana.
Lucía Serrano Sánchezen tesia Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatearekin batera argitaratu dute, Doktoretza Tesi Onenaren La Rábida Ikasketa Iberoamerikarren XII. Saria ere irabazi baitzuen 2019an, Zientzia Sozialen eta Juridikoen kategorian, hots, Unibertsitate Iberoamerikarren La Rábida Taldeak ematen duen saria.
Tesiaren izenburua “Vulneraciones y acceso a los sistemas de protección de los derechos de la niñez y adolescencia inmigrante no acompañada en España y El Salvador” da, eta inoren kargura ez dauden haurren drama humanitarioa ikertzen du.
Ikertzailearen iritziz, inoren kargura ez dauden adingabeen migrazio-arazoak Espainiako eta El Salvadorreko testuinguruetatik erakusteak “aukera ematen zuen giza eskubideen babes eta berme mailari dagokionez desberdinak diren bi errealitate sozial aztertzeko, migrazioak gogor markatutako bi testu geografiko eta migrazio-fenomenoaren bi erregulazio aztertzeko”. Tesiaren helburu nagusia berme prozesalak eta babes neurri espezifikoak lege-proposamen gisa planteatzea izan zen, “adingabe horiei sortu zaizkien ahuldadeetako bakoitza desagerrarazteko”.
Lanaren ekarpen nagusia da inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileen babesaren, tutoretzaren eta ordezkaritzaren arloan prozedurazko zer akats eta hutsune legal dauden zehazten duela halako neska-mutikoak herrialde hartzailera ailegatzen direnetik pasatzen duten prozedura administratibo bakoitzean: adingabearen profila identifikatzean, haren adina zehaztean eta behin-behineko babes neurriak hartzean (adingabea kokatzea, birkokatzea eta birfinkatzea, etab.). Modu horretan baizik ezin izanen zaie behar bezala eta zehazki erantzun adingabe horiek babesteko behar espezifikoei: adingabearen familia aurkitzea, legez kanpo dagoen adingabea jatorrira itzultzeko aukera aztertzea, adingabearen itzulera gauzatzea eta behin betiko babes neurriak hartzea herrialde hartzaileko gizartean integra dadin.
Lucía Serranoren lanaren beste alderdi aipagarri bat da idazleak de lege ferenda proposamen gisa azaltzen duela (hots, aurrerago legeak erreformatzen direnerako) prozedurazko zer berme beharko lituzketen inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileek Espainiara eta El Salvadorrera iristen direnetik beretik. Hala, ikerketan aurkitutako akatsak eta hutsuneak konpontzen lagundu nahi du, eta gaur egungo berme juridikoak nola interpretatu behar diren aditzera eman, legez kanpo ailegatzen diren adingabeak babes ditzaten beren egoeraren espezifikotasuna eta adingabeen interes gorenaren printzipioa kontuan hartuz. Legelariaren esanetan, “horrela baizik ez dugu lortuko halako adingabeei segurtasun juridikoa eta oinarrizko eskubideen benetako babes judiziala ematea”.
Curriculum vitaea
Lucía Serrano Sánchez Zientzia Juridikoetako doktorea da Granadako Unibertsitatean. Zuzenbidean lizentziatu zen unibertsitate horretan berean, eta Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Unibertsitate Masterra eta Atzerritartasun Zuzenbideko Masterra ere egin zituen han.
Gaur egun, online irakaslea da El Salvadorreko Unibertsitate Teknologikoan, Espainiako hiru ikerketa-proiektutan ari da –bi Granadako Unibertsitatekoak eta bestea Bartzelonako Unibertsitatekoa– eta Siglo 21 Unibertsitateko (Argentina) Revista de Estudios Jurídicos y Sociales aldizkariko ikertzaile eta argitalpen-taldeko kide da. Horrez gainera, doktoretza aurreko hiru egonaldi egin zituen beka bidez El Salvadorren eta Argentinan, hiru kolaborazio egin zituen Espainiako, Argentinako eta Kanadako proiektu batzuetan, eta nazioarteko eta Espainiako biltzar askotan hartu du parte. Azkeneko urtean, gainera, atzerritarren eta nazionalitatearen inguruko gaietan espezializatutako abokatu-bulego batean aritu da lanean.