Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) elektronika digitaleko urruneko laborategia bigarren aldiz jarraian saritu du REV Nazioarteko Konferentziak (Urruneko Ingeniaritza eta Instrumentalizazio Birtuala). Online Ingeniaritzako Nazioarteko Elkarteak eta Online Laborategien Partzuergo Globalak antolatu dute Konferentzia. Konferentzian, zehazki, hezkuntza-jarduera berritzaile horren bi sustatzaileen arteko lankidetza nabarmendu da: NUP eta Sao Pauloko Unibertsitatea (Brasil); eta produktua erabiltzen duten beste hiru: Washingtongo Unibertsitatea, Michigango Unibertsitatea (biak Estatu Batuetan) eta Monasheko Unibertsitatea (Malaysia). Laborategiak 12 herrialdetako 800 ikasleren 80.000 sarrera erregistratu ditu 2020ko apiriletik ekainera bitartean.

zoom Ikasleak urrutiko laborategian

Ikasleak urrutiko laborategiko lan-saio batean (artxiboko irudia)

Instalazioa NUPen garatu da Cándido Aramburu Mayoz NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslearen ekimenez eta EdTech LabsLand euskal enpresarekin lankidetzan (Deustuko Unibertsitateko spin-off enpresa). Instalazio horri esker, ikasleak instalazio fisikoetan erabiliko luketen ekipamendu berera sartzen dira, eta denbora errealean esperimentatzen dute harekin, Internetez bestaldean diseinatutakoak eta programatutakoak nola jokatzen duen egiazta baitezake. Horretarako, ordenagailu bat besterik ez du behar, eta “online” sartu NireIkasgelategia plataformara. Plataforma horretan, Sistema Digitalak I irakasgaiko prestakuntza-material guztia dago, bai eta urruneko laborategirako esteka ere. Aipatzekoa da Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak LabsLand-en lana eta koronabirusaren osasun-krisiaren aurrean urrunetik lan egitearen baliagarritasuna adierazi zituela duela gutxi Espainia Nazio Ekintzailea Estrategiaren aurkezpenaren esparruan.

Hesi fisikoen desagerpena

Laborategiko praktikak direla-eta ikasle bakoitzak lan estazioak eduki behar ditu (ordenagailuak, txartelak eta plaka elektronikoak), eta denbora mugatua du ariketa praktikoak modu presentzialean egiteko. Aramburu irakasleak dioenez, “logika programatuaren bidez sistema elektronikoak diseinatzeko urruneko laborategiarekin, oztopoak desagertu egiten dira”. Ikasleak beren etxetik konektatzen ahal dira, edozein ordutan, beren prototipoekin lan egiteko”, erantsi du.

Laborategira sartu diren unibertsitateetako irakasleek ere azpiegituraren erabilgarritasuna nabarmentzen dute. Adibidez, Marco Winzker irakasleak, Bonn-Rhein-Sieg-eko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatekoak (Alemania), adierazi du laborategiari esker berehala pasa ahal izan zuela urruneko irakaskuntzara, eta, bideokonferentzien bidez, pantailak parteka ditzaketela errore-mezuak eta laborategi digitalaren portaera ikusteko.  Bestalde, Paul Veldhuijzen van Zanten irakasleak, Zientzia Aplikatuetako Daniar Unibertsitatekoak, nabarmentzen duenez: “LabsLand aukera bikaina da ikasleek etxetik hardware errealean programa dezaten, zerbait hondatzeko beldurrik gabe”.