Joan eduki nagusira

Gaixotasun Tronboenbolikoaren Erregistro Informatizatuaren arabera (RIETE) gaixotasun tronboenboliko benosoa duten paziente oso gazteak eta ehun urtetik gorakoak izan ditu aztergai Beatriz Lacruz Escalada Nafarroako Ospitaleguneko barne-medikuntzako mediku espezialistak bere doktoretza-tesian. Gregorio Tiberio López NUPeko irakasle eta Nafarroako Ospitaleguneko medikuak gidatu du ikerketa, zeinak lor daitekeen kalifikaziorik altuena lortu baitu, bikain “cum laude”, alegia.

zoom Beatriz Lacruz

Beatriz Lacruz Escalada, NUPeko doktore berria

Gaixotasun tronboenboliko benosoa gaitz kardiobaskular ohikoenetatik hirugarren da, miokardioko infartu akutuaren eta iktusaren ondoren, eta, ikertzaileak azaldu duenez, “paziente oso gazteak eta ehun urtetik gorakoak gutxi izaten dira tratamendu antikoagulatzaileen bidezko saiakuntza klinikoetan, eta, beraz, ez dakigu nolako konplikazioak izaten dituzten talde horiek gaixotasunari eta tratamenduari dagokienez”. Hala, doktoretza-tesian, aipatutako pazienteen ezaugarri klinikoak deskribatzen dira, baita tratamendu-estrategiak azaldu, hiru hilabeteko segimendu batean detektatutako konplikazioen intzidentzia ebaluatu, eta ehun urtetik gorakoengan eta heldu gazteengan gaixotasuna berriz agertzeko, hemorragiaren bat izateko edo hiltzeko arrisku handiagoa izateari lotutako faktoreak identifikatu ere.

Ikerketaren emaitzak ehun urtetik gorakoen eta gazteen kasuan

“Ehun urtetik gorako pertsonekin egindako ikerketak agerian utzi du antikoagulazio estandarrak albo-ondorio minimo bat baizik ez duela eragiten, kontuan izanik gaixotasun tronboenboliko benosoak ehun urtetik gorakoengan dituen ondorioek oso larriak izaten jarraitzen dutela. Biriketako enboliak jota hiltzeko arriskua handiagoa da odolusteko arriskua baino. Beraz, gure datuek babestu egiten dute adin horretako pertsonengan terapia antikoagulatzailea dosi osoetan erabiltzea”, adierazi du ikertzaileak.

Bestalde, gazteei dagokienez, tesiak ondorioztatzen du biriketako enbolia duten paziente horietako gehienen kasuan oinarrizko ezaugarri klinikoek zaildu egin dezaketela diagnostiko goiztiarra eta estratifikazioa (okerrera egiteko edo osasun-arazo berri bat izateko arrisku handiagoa duten pazienteak identifikatzea eta/edo multzokatzea). “Uste dugu pronostikoen eskala espezifiko bat diseinatu beharko litzatekeela gazteenentzat, arrisku handiko pazienteak hobeki identifikatzen laguntzeko”. Gainera, ikertzaileak adierazi du larrialdi-zerbitzuetan arreta berezia jarri behar zaiela disnea duten emakumeei, “batez ere estrogenoak hartzen badituzte; izan ere, antisorgailu hormonalak dira adin ugalkorrean dauden emakumeek gaixotasun tronboenboliko benosoa sufritzeko duten arrisku-faktorerik ohikoena”.

Ikertzailearen curriculum laburra

Beatriz Lacruz Escalada (Errioxa, 1985) Medikuntzan eta Kirurgia Orokorrean lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean. Nafarroako Ospitalegunean aritu zen barneko mediku egoiliar moduan, eta zentro horretako Barne Medikuntzako Zerbitzuan egiten du lan gaur egun. Horrez gain, Gaixotasun Tronboenbolikoaren Erregistro Informatizatuarekin lankidetzan dihardu 2012az geroztik (RIETE).

Ikertzaile nagusi gisa hartzen du parte Navarrabiomeden “FeNO COV” proiektuan, zeinaren bidez minik gabeko metodo ez-inbaditzaile bat garatu nahi baita pazienteen arnas-aparatuaren hantura neurtzeko. Proiektua Nafarroako Ospitaleguneko Barne Medikuntzako Zerbitzuarekin batera gauzatzen da, Eversens NUPeko spin-off enpresaren partaidetzarekin.

Beatriz Lacruz Escaladak bere tesiaren gaiarekin lotutako argitalpenak egin ditu zenbait aldizkaritan, baita kongresu eta bilera zientifikoetan hitzaldiak eman ere gaixotasun tronboenbolikoari eta adinari buruz.