Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lankidetzan dihardu Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartearekin (ANDITEC, Navarra LAN Party topaketaren arduraduna), unibertsitateko komunitateko kideei zuzendutako eSporten I. Txapelketaren antolaketan. Txapelketa bost laguneko taldetan eginen da, eta “League of Legends” bideojokoan egonen da oinarritua. Sailkatze fasea martxoaren 22ko astean hasiko da eta "online" jokatuko da asteburuan. Oinarriak eta araudia txapelketaren webgunean kontsultatzen ahal dira; izen-ematea ere bertan egin behar da.
Hiru sari emanen dira, 750, 500 eta 250 eurokoak. Lehiakideek elkarrekin ematen ahal dute izena, dagoeneko osatutako talde moduan, edo banaka, izena banaka eman duten beste lagun batzuekin batera taldea osatzeko. Txapelketa bi fasetan eginen da, lehena sailkatzekoa eta bigarrena finala, txapelketako talde hoberenen artean.
eSporten aldeko apustua NUPen
“eSportek hazkunde geldiezina izan dute azken urteetan, batez ere gazteen artean”, adierazi dute antolatzaileek. “2020an, eSportek 495 milioi ikusle izan zituzten guztira mundu osoan, hau da, ia % 12ko hazkundea izan zuten 2019an izan zituzten 443 milioi ikusleekin alderatuta. Nahiz eta eSportak duela oso gutxi hasi diren sartzen Espainiako unibertsitateetan, unibertsitate batzuek dagoeneko beren eskaintzan gehitu dituzte eta bekak ere eskaintzen dizkiete eSportetan gailentzen diren jokalariei”, azaldu dute.
eSportek gero eta garrantzi handiagoa dutenez, eta pandemiaren egungo egoerak eragotzi edo zaildu egin duenez udazkenean eta udaberrian egiten ziren kirol tradizionalen txapelketak egitea, NUPek “unibertsitateko komunitateko kideei aukera hori eskaintzea erabaki du", adierazi dute antolatzaileek.