Rebeca Echávarri Aguinaga Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta ikertzaileak, Institute for Advanced Research in Business and Economics (INARBE) institutuari atxikia dagoenak, XX. mendeko lehen hamarkadetan Espainian izandako haur-hilketak, arduragabekerian ondoriozko heriotzak eta nesken jaiotzen ezkutaketak aztertu ditu argitaratu berri den artikulu zientifiko batean. Ikertzailearen arabera, hori gertatzen zen “gizarte hark balio txikia ematen zielako emakumeei, eta, ondorioz, beren familiak ez zirelako joaten erregistrora haien jaiotza erregistratzera, edo herentziarako eskubidea izan zezaten saihestu nahi zutelako”. Artikulua Springer argitaletxearen “Cliometrica” aldizkarian argitaratu da, zeina Ekonomiaren Historian espezializatua baitago, eta bere webgunean irakurtzen ahal da.
Egileak gaineratu duenez, Espainiako gerra zibilaren aurretik, normala zen emakumeen jaiotzak erregistratzea, baina, hortik aurrera, beherakada bat izan zen, “biologikoki espero zitekeenarekin bateragarria ez dena”; izan ere, “gerra zibilaren presioak areagotu egin zuen jaiotzeko orduko diskriminazioa”. Zehazki, ikertzailearen kalkuluen arabera, erregistroetan agertu beharko liratekeen baina horietan ez dauden neska jaioberrien kopurua 200.000tik gorakoa izan liteke.
Horretaz gain, artikuluaren egileak ondorioztatu du diskriminazioak eragin biderkatzaileak izan zituela, eta eragin horiek “haurtzaroko hilkortasunaren gorakadan” islatzen direla “emakumeek etxean negoziatzeko ahalmen txikiagoa zuten eskualdeetan”. “Ekonomian, esaten da emakumeek negoziatzeko ahalmen handiagoa dutela produkzio-lanetan parte hartzen dutenean. Gaur egun, lan-merkatuan parte hartzea eta beren hezkuntza-maila dira produkzio-lan horiek”, gaineratu du. Indian gaur egun sexuaren arabera egiten diren abortu selektiboei buruzko ikerketa baten egilea ere bada Rebeca Echávarri.
Ikertzailearen ibilbidea labur-labur
Rebeca Echávarri Aguinaga Ekonomian lizentziaduna eta doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta 2006. eta 2008. urteen arteko Gizarte Zientzietako eta Zientzia Juridikoetako doktoretza-tesi hoberenaren saria jaso zuen. Irakasle eta ikertzaile aritu izan da, NUPen ez ezik, Glasgowko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Paduako Unibertsitatean (Italia) eta Euskal Herriko Unibertsitatean ere (EHU).
Garapenaren ekonomiaren arloan egin du lan, eta, bereziki, sexuagatiko diskriminazioaren azterketan. Bere ibilbidean zehar, lan teoriko zein enpirikoak biltzen dituzten hainbat ikerketa-lerro garatu ditu. Bere lanaren ikuspegi teorikoaren abiapuntua portaeraren ekonomia da, eta ikuspegi enpirikoak, berriz, bai mikrodatuen eta bai eskualde-mailako datu agregatuen analisia du oinarri. “Nire identifikazio-estrategia gogokoena intuizio esperimentalean oinarritzen da: esperimentuen diseinua, ausazko etenen ustiapena, edo diferentzietako diferentzien analisia”, adierazi du ikertzaileak.