NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrak Energiaren VIII. Astea eginen du gaurtik hasi, martxoak 11, eta hilaren 18ra arte. Sektoreko enpresetan lanean ari diren Unibertsitateko tituludun batzuek hitzaldiak emanen dituzte, eta desafio berriztagarriaren proba ere eginen dute parte-hartzaileek: antolatzaileek planteatutako desafio bati konponbidea bilatu behar diote ikasleek taldeka denbora-tarte jakin batean.
Energiaren Astearen helburua Unibertsitateko ikasleei energia berriztagarrien arloaren ezaupidea ematea eta haren enpresa nagusiak erakustea da. Lehenbiziko bi jardunaldietan, NUPeko ingeniari batzuk Katedraren entitateetan izan duten esperientzia profesionalari buruz mintzatuko dira, eta ostiralean desafio berriztagarria zein den emanen da ezagutzera.
Desafioari irtenbidea bilatzeko, martxoaren 17ko (asteazkena) 23:59ak arteko epea dute parte-hartzaileek, hots, Industria Ingeniaritzako Masterreko eta Energia Berriztagarrietako Masterreko (Sorkuntza Elektrikoa) lehenbiziko ikasmailako ikasleek. NUPeko irakaslez eta Katedrako entitateetako kidez osatutako epaimahai baten aurrean defendatu beharko dituzte konponbideak, eta 500 €-ko saria eta 300 €-ko accesita irabaziko dute proiektu hoberenek.
Ostegunean hasiko da Energiaren Astea, 15:30ean, 09. ikasgelan. Lehenik, zer jarduera eginen diren azalduko da, eta, gero, hitzaldia emanen dute David Velasco Vitriain (Ingeteam Power Technology), Jesús Gambarte Pérez (Nordex-Acciona Windpower) eta Iñaki Mariana García (STI Norland) ingeniariek. Jardunaldiaren azkeneko partean, APERNA Nafarroan Energia Berriztagarriak Sustatzeko Elkartea aurkeztuko da laburki.
Ostiralean, martxoak 12, 09:00etatik 10:00etara, Jon Olagüe San Martín (CENER) eta Cristina Osés Zudaire (Siemens Gamesa Renewable Energy) mintzatuko dira; 10:00etan, berriz, desafio berriztagarria aurkeztuko da.
Azkenik, proiektuen defentsa, epaimahaiaren deliberazioa eta sari-banaketa martxoaren 18an eginen dira, osteguna,15:00etatik aurrera, 09. ikasgelan.
Energia Berriztagarrien Katedra
Energia Berriztagarrien Katedra Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta honako enpresa hauen arteko lankidetza zientifiko eta teknologikorako esparru-akordio batean oinarrituta sortu zen: SIEMENS-GAMESA, INGETEAM, CENER, ACCIONA ENERGÍA, NORDEX-ACCIONA WINDPOWER eta STI Norland.
Katedraren helburua ikerketako eta irakaskuntzako jarduerak elkarrekin egitea da, hala nola master amaierako lanak edo doktoretza-tesiak; ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jardunaldiak; ikerketako programak eta proiektuak; azterlanak, maketak, prototipoak, esperimentuak edo ikerketa-lanak, eta ikerketa zientifikoko eta teknikoko baterako azterlan zehatzak.