Nafarroako Unibertsitate Publikoak errekor historikoa hautsi du 2020an deialdi publiko lehiakorretan ikerketa-proiektuetarako lortutako funtsei dagokienez, bai Europar Batasunaren Esparru Programaren deialdietan, bai Zientziari eta Teknologiari buruzko Estatuko Planaren deialdietan. Zehazki, Nafarroatik kanpoko funtsei dagokienez, NUPek 5.710.746 milioi euroko finantzaketa lortu du, hau da, ia bikoiztu egin du 2019an lortutako kopurua, eta, azken bost urteetan lortutako laguntzen batezbestekoarekin alderatuz gero, % 118koa izan da igoera.
Europako finantzaketa, gehienbat, Horizon 2020 I+G Esparru Programaren deialdian lortu da. Programa horretan, ikerketa-ekimen onenekin lehiatzen dira parte-hartzaileak, eta, gehienetan, partzuergoan egiten dira jarduerak (ikerketa-taldeak, enpresak eta erabiltzaileak elkarlanean). Deialdi horren eta Europako beste programa batzuen bidez, NUPek 2.847.084 € lortu ditu, eta 2019an, berriz, 1.242.037 €.
Testuinguru horretan, gogoratu behar da NUPek Europako proiektuetan izandako arrakastaren ehunekoa (hots, lortutako ikerketa-proiektuak aurkeztutako proiektuen aldean) 2014-2017 aldian erregistratutako % 8tik 2018 eta 2020 artean lortutako % 22ra igo dela.
Bestalde, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Estatuko Planak I+G+b-ra bideratutako estatuko laguntzak hartzen ditu barne, eta lehentasunez deialdi lehiakorren bidez ematen dira. NUPek 2.863.662 € lortu ditu 2020an, eta 2019an, berriz, 1.701.619 €.
Patxi Arregui San Martín Ikerketako errektoreordeak azaldu duenez, “NUPek bere errekor historikoa lortu du Nafarroatik kanpoko finantzaketa lortzeari dagokionez, eta horrek islatzen du gure ikertzaileek duten ahalmena eta gaitasuna Espainiako nahiz nazioarteko lehiaketetan funtsak lortzeko”.
Finantzaketa lortu duten proiektuak gauzatzeko epea askotarikoa da, nahiz eta Europan gehienek 3 eta 4 urte bitarteko epea duten.
Proiektu aipagarriak
NUPek jaso dituen finantzaketen artean, nabarmentzekoa da European Research Councilek (ERC) emandako "Starting Grant" laguntza, ospe zientifiko handiena baitu Europar Batasunean (1,5 milioi euro bost urtean). Iñigo Liberal Olleta ikertzaileari eman diote laguntza hori. Ingeniaria eta Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea da NUPen, eta nanofotonikaren eta optika kuantikoaren alorretako muturreko materialak ikertzera bideratu du bere proiektua. NUPen garatzea erabaki zuen, “ikerketaren aldeko apustua egiten ari den unibertsitate gazte bat delako, eta, ondorioz, leku erakargarria delako ildo berriak garatzeko”.
Halaber, “Miracle” proiektuaren liderra NUPen Miguel Beruete Díaz da. Proiektu horren xedea hormigoia berrasmatzea da, metamaterialekin diseinatuz, beroa kanpoko espaziora disipa dezan energia gehigarririk alferrik galdu gabe. Espainiako, Belgikako, Frantziako, Italiako eta Alemaniako ikertzaileek osatzen dute partzuergoa, eta proiektua burutzeko epea lau urtekoa da. NUPen aurrekontua 370.000 € eurokoa da.
Azkenik, “Touchless” proiektuan gailu berriak sortu nahi dituzte, gauza izanen direnak pertsonei ukipen-sentsazioak eragiteko, urrutitik eta inolako aparaturik eraman beharrik gabe. Asier Marzo Pérez da NUPeko burua, eta partzuergo batek kudeatzen du. Bertan, NUPez gain, University College London (Erresuma Batua), Copenhagen University (Danimarka) eta Ultraleap (Erresuma Batua), Softserve (Polonia) eta Crowdhelix (Erresuma Batua) enpresek hartzen dute parte. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontua 670.000 eurokoa da, eta proiektuaren iraupena lau urtekoa.