Belén Sala García eta Oihane Huarte Sola Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko ikasleak STI Norland enpresan hasi dira egiten beren Master Amaierako Lana (MAL), eta bost hilabetez arituko dira bertan Enrique Garbayoren eta Iñaki Morianaren tutoretzapean, hurrenez hurren. NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrak urtero egiten duen deialdian dago kokatua jarduera hori; izan ere, STI Norland, Ingeteam, CENER eta Siemens-Gamesa enpresetan ikasketen amaierako 22 lan egiteko aukera eman du katedrak aurtengo edizioan.
Belén Salak (ezkerrean) eta Oihane Huartek STI Norland enpresaren instalazioetan eginen dute Master Amaierako Lana
Belén Sala Garcíak, zehazki, eguzki-jarraitzaile baten tortsio-habeen diseinua nola optimizatu aztertuko du “Optimización de la estructura de un seguidor solar” izeneko MALean. Eguzki-jarraitzaile horizontala biraketa horizontaleko ardatz bat duen egitura bat da, zeinaren gainean modulu fotovoltaikoak bermatzen baitira, eguzkiari etengabeko jarraipena eginez elektrizitatea sortzen dutenak. Tortsio-habeek modulu fotovoltaikoak bideratzen dituzte, motor elektriko batek transmititutako biraketaren bitartez. Belén Salak, gainera, horrelako gailuetarako eskatzen diren erresistentzia- eta iraunkortasun-itxaropenak mantendu beharko ditu, baita STI Norland enpresaren barne-eskakizunak bete ere. Konponbide teknikoa, halaber, lehiakorra izan beharko da kostuaren ikuspegitik.
Bestalde, Oihane Huarte Solak lan hau eginen du: “Análisis y dimensionamiento de almacenamiento distribuido en plantas fotovoltaicas a gran escala”. Planta fotovoltaiko berrietan energia metatzeko sisteman gertatu berri den aldaketa da lan horren gaia. Duela gutxi arte, sortutako energia sarera injektatzen zen zuzenean; hala ere, baterien teknologia berrien garapenari esker –eta horiek merkatzeari esker–, energia metatzeko sistemak instalatzea gero eta ohikoagoa da. Oihane Huarteren proiektu honek zenbait helburu ditu: energiaren konbertsioa eta metaketa banatzeko eskema bat garatu, metatze banatuaren bideragarritasun teknikoaren eta zentralizatuaren arteko aldeak aztertu, metaketa-teknologia desberdinak analizatu eta eguzki-jarraitzaileetarako inbertsioaren eta metaketaren multzoa dimentsionatu.
Tutoretzapeko 19 lan
Aurtengo deialdian hautatutako ikasleetatik, 11 Industria Ingeniaritzako Masterra egiten ari dira, eta beste 8ak, berriz, Energia Berriztagarrietako Masterra: Sorkuntza Elektrikoa. Deialdiak bi modalitate ditu: A modalitatean, unibertsitateko irakaslea da ikasleari laguntza eta tutoretza aktiboa ematen dion tutore trebatzailea, nahiz eta enpresan tutore baten laguntza ere izan; B modalitatean, berriz, ikaslearen tutore trebatzailea enpresakoa da, aldi berean unibertsitatean tutore bat duen arren orientazioa emateko MALaren alderdi orokorretan.
Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleek 5 hilabete ematen dituzte enpresan, MALa lanaldi osoan egiten baitute. Hala ere, Energia Berriztagarrietako Masterraren kasuan, lanaldi partzialean egiten da, eta 8 hilabeteko iraupena du.
Energia Berriztagarrien Katedra Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta honako enpresa hauen arteko lankidetza zientifiko eta teknologikorako esparru-akordio batean oinarrituta sortu zen: SIEMENS-GAMESA, INGETEAM, CENER, ACCIONA ENERGÍA, NORDEX-ACCIONA WINDPOWER eta STI Norland. Helburua ikerketako eta irakaskuntzako jarduerak batera egitea da, hala nola master amaierako lanak edo doktoretza-tesiak; ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza-jardunaldiak; ikerketako programak eta proiektuak; azterlanak, maketak, prototipoak, esperimentuak edo ikerketa-lanak, eta ikerketa zientifikoko eta teknikoko baterako azterlan zehatzak.