Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) proiektu europar bateko kide da, Frantziako, Espainiako eta Portugalgo beste zazpi erakunderekin batera. Proiektuan, ondare immaterialari balioa eman nahi diote garapen ekonomiko jasangarrirako eta lurralde kohesiorako tresna izan dadin. Proiektuaren izena Living heritage for sustainable development da (LIVHES), guztira 1.110.000 €-ko aurrekontua du, eta haren % 75 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatzen du (FEDER), Interreg V-B SUDOE (2014-2020) programaren bidez.

zoom LIVHES

LIVHES proiektuko ikertzaileak. Atzeko lerroan, ezkerretik eskuinera: Victoria López Pérez, Camino Bueno Alastuey, Magdalena Romera Ciria eta Ekaitz Santazilia Salvador. Aurreko lerroan, ezkerretik eskuinera: Patxi Xabier Salaberri, Mónica Aznárez Mauleón, Alfredo Asiáin Ansorena, Juan José Zubiri Lujambio eta Maite López Flamarique.

Hogeita hamar hilabete iraunen du proiektuak, Biarnoko Pôle Metropolitaine du Pays de Béarn erakundea du liderra, eta Europako lurralde hauetako zenbait entitatek hartzen dute parte: Pirinio Atlantikoak - Akitania Berria, Garona Garaiko Pirinioak - Okzitania, Katalunia, Teruel, Burgos, Nafarroa, Miño ibaiaren eskualde mugakidea eta Barcelos. Entitate guztien artean metodologia bateratu bat prestatuko dute ondare kultural materiagabean oinarritutako garapen jasangarriko jardunbide onak identifikatzeko eta garatzeko. Lehenik eta behin, diagnostikoa eta prestaketa-lanak eginen dituzte denek elkarrekin, eta, gero, kide bakoitzak jardunbide on bat garatuko du bere lurraldean, diseinatutako jarraibide metodologikoen arabera. Azken buruan, ondare immaterialaren balioa handitu nahi dute, eta, horretarako, hirietako eta landako alderdiak uztartu nahi dituzte, eta turistifikaziotik, folklorizaziotik eta fosilizaziotik ihes egin.    

Alfredo Asiáin Ansorena Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak egiten du NUPeko ikertzaile taldearen buru, eta Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrari lotua dago talde hori. 

Ondarearen inguruko heziketarako eta garapen jasangarrirako aplikazioa

Nafarroaren kasuan, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuarekin lankidetzan jarriko da martxan esperientzia pilotua. Zehazki, C(K)ULTOUR aplikazioa garatuko dute, hau da, errealitate areagotua duen seinaletika mugikorreko aplikazio bat, ondarearen inguruko heziketa eta tokiko garapen jasangarria bultzatzeko balio duena aldez aurretik identifikatutako bi jardunbide onetan. Izan ere, edukiak, seinaleak eta bitartekaritzarako baliabideak prestatuko dituzte Sesmako espartzuaren kulturari buruz eta honako ibilbide honetako alderdi turistikoei eta ondareari buruz: Iruñea - Tebas - Artaxoa - Orbaibar - Tafalla - Erriberri - Uxue - La Oliva - Bardea.