Joan eduki nagusira

Osagai anitzeko ariketa fisikoko VIVIFRAIL programan (www.vivifrail.com) lau astez parte hartzea nahikoa da konfinamenduan adineko pertsonen forma fisikoa hobetzeko. Hala frogatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Murtziako Unibertsitateko eta CIBERFES Ahuleziari eta Zahartze Osasungarriari buruzko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko zenbait ikertzailek 75 eta 100 urte bitarteko pertsonekin zahar-etxeetan egindako azterketan, COVID-19aren lehenbiziko olatuan, 2020ko martxotik ekainera. Parte-hartzaileen % 21ek hobera egin zuten ahuleziari dagokionez, eta % 46k autonomoa izatea lortu zuten denbora tarte labur horretan.

zoom Mikel Izquierda

Mikel Izquierdo Redín, NUPeko eta Navarrabiomedeko ikertzailea.

Giharretako indarra, erresistentzia kardiobaskularra, oreka eta artikulazioen mugikortasuna hobetzeko ariketak barne hartzen dituen osagai anitzeko banakako programa honek lau aste irauten du, gorputz- eta kirol-hezitzaile tituludunen gidaritzapean egiten da eta zentro bakoitzeko osasun-arloko arduradunek gainbegiratzen dute. Denbora horren ondoren, 12 laguneko talde batek 14 aste gehiago segitu zuen entrenatzen, eta besteak (24 lagunekoak) eten egin zuen entrenamendua epe horretan, konfinamendu-neurriak zirela eta. Hiru aldi horietako bakoitzean (hasieran, 4 asteren ondoren eta 18 asteren ondoren), 36 parte-hartzaileek gaitasun funtzionaleko test batzuk egin zituzten, hots, oreka, indarra, bizkortasuna eta ibiltzeko abiadura neurtzeko probak.

Murtziako Unibertsitateak CIBERFESeko eta NUPeko ikertzaileekin elkarlanean egindako eta JAMDA aldizkarian argitaratu den ikerketaren emaitzek erakutsi zuten 4 asteko entrenamendua nahikoa izan zela % 15etik % 50era bitarteko hobekuntza esanguratsuak hautemateko proba fisiko guztietan. Aurrerapen horiek antzekoak izan ziren bi taldeetan, zahar-etxe bereko egoiliarrak ez izan arren.

Beste 14 astez entrenamenduarekin jarraitu zuen taldeak hobetzen jarraitu zuen, eta, aldiz, konfinamenduagatik eten egin zuen taldeko kideen gaitasun funtzionalak behera egin zuen, nahiz eta egoera fisiko hobea mantendu zuten hasierako egoerarekin alderatuta. Mikel Izquierdo CIBERFESeko eta NUPeko ikertzaile eta VIVIFRAIL programaren zuzendari zientifikoak azaldu duenez, “programak 4 astean duen eraginkortasun handiagatik azal daitezke emaitza horiek, parte-hartzaileen % 21ek ahuleziari dagokionez hobera egitea eta % 46k epe labur horretan ia autonomo izatea lortzen baitute”.

HEAL proiektuaren barnean integraturiko ikerketa honek egiaztatu duenez, 75 eta 100 urte bitarteko pertsona ahulen osasunean 4 asteko entrenamendu gainbegiratua eta banakatua egin ondoren epe laburrean antzeman diren hobekuntzak mantendu egin dira 14 astez konfinatuak egon ondoren, narriadura funtzional larria eta indar-galera partzialki saihestuta. “Emaitza horiek erakusten dute zahar-etxeetan egiten diren ariketa-programen eragina positiboa eta lagungarria dela, eta gomendagarria dela zahar-etxeetan eta zaintza-zentroetan osagai anitzeko ariketa fisikoko VIVIFRAIL programa sartzea konfinamenduaren baldintza zorrotzen ondorioz narriadura funtzional larritik babesteko funtsezko jarduera gisa”, azaldu du Mikel Izquierdok. Vivifrail programaren bideoak eta materiala doan jaisten ahal dira http://vivifrail.com/es/documentacion/ webgunetik. Vivifrail aplikazioa instalatzeko aukera era badago ariketa-programaren jarraipen digitala egiteko.

CIBERFES

Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa (CIBER) Carlos III.a Osasun Institutuaren mendeko partzuergo bat da (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), eta EEGF funtsekin finantzatzen da parte batean. Ahuleziari eta Zahartze Osasungarriari buruzko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa 2016. urtearen amaieran sortu zen, adineko pertsona askok pairatzen duten ahulezia eta haren ondoriozko desgaitasuna ahal den neurrian ulertu, ebaluatu eta arintzeko. Partzuergoko 18 erakundetako 20 ikerketa-taldeek lau ikerketa-ildo nagusi lantzen dituzte: zahartze osasungarriaren mekanismo biologikoen eta ahuleziara eta desgaitasunera daramatenen azterketa; gaixotasun kronikoaren, zahartzearen eta narriadura funtzionalaren arteko interakzioa aztertzeko kohorteen erabilera; ahuleziako eta narriadura funtzionaleko esku-hartze prebentibo eta terapeutikoak; eta zaintza-ereduak.