Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) nazioarteko kideei harrera egiteko bulego bat sortu du (“welcome office” ingelesez), atzerriko ikertzaile eta irakasleei eta doktoretzako eta masterreko nazioarteko ikasleei zuzendua. Zerbitzua Unibertsitateko Arreta Bulegoaren barnean dago (liburutegian, NUPeko Arrosadiko campusean), eta kolektibo horri erantzun hobea ematea du helburu, kontuan harturik nolako hazkundea izan duen azken urteetan, NUPek nazioarteko talentua erakartzeko aplikatzen ari den politika estrategikoarekin bat etorriz.

zoom NUP

NUP

Unibertsitatean irakasle eta ikertzaile atzerritarren presentziak gorakada nabarmena izan du azken urteotan: 2017an, NUPek 26 atzerritar zituen bere plantillan, eta, gaur egun, 68 dira beste herrialde batetik etorritakoak, doktoretza aurreko eta ondoko ikertzaileak gehienak. “Hain zuzen ere, ikerketaren arloan antzematen da lehenik eta behin zerbitzu horren beharra. Iberus Talent edo Talent Grants programek, bokazio global argia eta gure doktoretza aurreko deialdietan gero eta presentzia handiagoa dutenek, agerian utzi zuten beharrezkoa dela ahalegin handiagoa egitea atzerriko esleipendunei harrera egiteko orduan; izan ere, haien izapide administratiboak egitea, bisak kudeatzea edo ostatua bilatzea erronka handia izan daiteke”, azaldu du Jorge Elso Torralba NUPeko Nazioartekotzeko errektoreordeak. Horrez gain, azpimarratzekoa da NUPen egiten diren argitalpen zientifikoen % 50 inguru atzerriko erakundeekin lankidetzan egiten direla. “Lankidetza estu horrek etengabe bisitariak etortzea ere eragiten du, eta horiei ere lagundu nahi diegu bulego honen bitartez”, azaldu du errektoreordeak.

Nazioarteko Harrerako Bulegoak laguntza eta aholkularitza zerbitzu bateratua eskaintzen die nazioarteko irakasle eta ikertzaileei, bai iritsi aurreko izapideetan, bai NUPen dauden bitartean. Azken batean, egonaldia planifikatzeko orduan laguntza ematea da helburua, eta erreferentzia puntu izatea atzerritarrek izapideei edo gai praktikoei buruz izaten ahal duten edozein zalantza argitzearren Unibertsitatean sartzen direnean.

Doktoretzako eta masterreko ikasle atzerritarrak

Doktoretzako ikasle atzerritarrei dagokienez, Nafarroako Doktoretza Eskolan (NADOE) matrikulatutako ikasle guztien % 9 izatetik % 21 izatera pasatu dira azken bost urteetan. Aipatzekoa da horietako asko espainieraz hitz egiten ez den herrialdeetatik datozela: Italia, India, Pakistan, Brasil, Estatu Batuak, Kanada, Maroko, Errumania, Txina, Tunisia, etab.

Bestalde, masterreko ikasle atzerritarren presentzia ere nabarmen handitu da. Hala, 2016-2017 ikasturtean, nazioarteko 42 ikasle hasi ziren NUPen masterreko ikasketak egiten, eta lau urte geroago, 2019-2020 ikasturtean, 81 ikasle, hau da, graduondoko ikasle berrien % 16. “Hazkunde horren parte bat Europako eta Nazioarteko Talentu Beken, AUIP beken edo Carolina Fundazioaren beken bidez talentua erakartzeko egituratutako politikaren ondorio da, eta, horietan, NUPeko masterrak dira urtero gehien eskatzen direnetako batzuk”, erantsi du Jorge Elsok.