Joan eduki nagusira

Nere Jone Intxaustegi Jauregi Historian eta Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri du bere doktoretza-tesia: “Bizkaiko jaurerriko eskribauak eta eskribautzak Aro Modernoan (XVI. mendetik XVIII.era)”. Eskribauen lanbidea, prestakuntza eta eginkizunak ikertu ditu, hots, gaur egungo notarioen aurrekarienak.

zoom NereJone

Nere Jone Intxaustegi Jauregi

Nere Jone Intxaustegik azaldu duenez, “ikerketa honen bidez, ezagutzera eman ditugu administrazioko langile horiek, orain arte oso ikerlan gutxi egin baitira eskribauei buruz. Bestalde, eskribauak hobeki ezagutzeko modua izan dugu, jakiteko zer antzekotasun eta, batez ere, zer diferentzia zituzten notarioekin; izan ere, notarioak izan ziren gero dokumentazio publikoa eta pribatua idazteko lanetan jarraitu zutenak”.

Ildo horretatik, ikertzaileak dio notarioek gaur den egunean oposizioak gainditzen dituztela, prestakuntza osatua eta aparta izaten dutela, eta ez dutela familia-loturei esker lortzen notario lanpostua. “Ardura eta sinesgarritasun aire bat dute orain notarioek; garai hartako eskribauek, aldiz, ez”. Nolanahi ere, oraingo notarioek baino askoz ere lan gehiago egiten zituzten, hala nola idazkari aritzen baitziren udaletxeetako eta batzar nagusietako bileretan. Gainera, bazuten nolabaiteko pisua eta presentzia eremu publikoan; egungo notarioek, berriz, ez dute horrelakorik”.

Doktoretza-tesiak egindako ekarpen nagusia da argitara atera dituela administrazioko langile horiek, lehenago apenas egin baita ikerlanik eskribauei buruz. “Eskribauak nor ziren, zer lan egiten zuten, eta haien artean zer-nolako harremanak eta dinamikak zituzten jakin dugu besteak beste —dio Nere Jone Intxaustegik—, eta, horri esker, xehetasun handiagoz ezagutzen ditugu orain. Bestalde, artxiboetan gordeak zeuden idazki eta dokumentu asko eman ditugu argitara, orain arte inoiz erabili ez direnak”.

Eskribauak eta eskribautzak

Roldán Jimeno Aranguren Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbidearen eta Erakundeen Historiako irakaslea izan da doktoretza-tesiaren zuzendaria. Zuzenbidearen Historiaren ikuspegitik, eskribauek nolako lanbidea eta prestakuntza zuten, nolako funtzioak betetzen zituzten eta zer eskribau mota zeuden aztertu du ikertzaileak, baziren-eta errege-eskribauak eta eskribau osoak adibidez. Ikuspegi sozialetik begiratuta, eskribauen familiakoak ikertu ditu, eta eskribauek beren artean nolako harremana zuten ere bai.

Eskribautzei, hau da, eskribauen bulegoei dagokienez, zenbat eskribautza egon ziren, zer zenbaki zuten eta nolako aldagarritasuna zuten ikertu du Nere Jone Intxaustegik. Eskribautzen titularrak nor ziren aztertzeak “aukera eman digu zenbait fenomeno juridiko ikertzeko, besteak beste eskribautzen besterentze, errentan emate, uko edo salmentak”. Beste alderdi juridiko batzuk ere argitu dituzte, adibidez eskribauak kontrolatu egiten zituztela egoitza-epaiketa izenekoen bidez. 

Nere Jone Intxaustegik dio eskribau ugari zegoela garai hartan: “ez dakigu zehatz-mehatz zenbat, baina eskribau pila bat zegoen; izan ere, 1862ko Notarioen Legearen helburuetako bat eskribau kopurua mugatzea izan zen, eta indarrean da oraindik lege hori”. 

Hiru iturri mota erabili dituzte ikerketarako. “Batetik, Iberiar Penintsulako beste leku batzuetako, Europako eta Amerikako eskribauei eta eskribautzei buruzko liburu eta artikuluak. Gure protagonistak esparru geografiko eta kronologiko zehatz batean kokatzen lagundu digu horrek. Bigarrenik, kontuan hartu dugu zenbait errege-erreginek zer-nolako legeak idatzarazi zituzten beren garaiko eskribauen inguruan, hala nola Alfontso X.ak, Errege-erregina Katolikoek, Karlos V.ak eta Filipe II.ak ezarritako legeek zer zioten. Eta, azkenik, eskribauek berek idatzitako dokumentuak irakurri ditugu, eta hori lagungarria gertatu zaigu ikergaiari beste ikuspegi batetik begiratzeko”.

Nere Jone Intxaustegi Jauregi Historian eta Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean (2008an eta 2013an, hurrenez hurren). 2017an, Historiako doktoretza lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean; 2020an, berriz, Zuzenbidekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Tesia egiten ari zela, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Vienako Unibertsitatean, eta biltzar eta mintegi batean baino gehiagotan hartu du parte, Nafarroan ez ezik, baita Erresuma Batuan, Israelen, Alemanian, Hungarian eta Portugalen ere.