Joan eduki nagusira

Leticia Santamaría Arana Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Kimika Sintetiko eta Industrialeko doktoreak bi sistema garatu ditu bere doktoretza-tesian, uretan dauden sendagaien hondakinak kentzeko eta lurpeko, azaleko edo kontsumoko uretara iristea saihesteko. Haren ikerketaren berritasuna da, halaber, hondakin arriskutsu bat (aluminiozko gatz-zepak) erabili duela hidroxido bikoitz laminarrak sortzeko. Material horiekin atxikitzen eta bereizten ditu uraren kutsatzaileak.

zoom LeticiaSantamaría

Leticia Santamaría AranaLeticia Santamaría Arana

 

Leticia Santamaríak bere doktoretza-tesian kutsatzaile berrien mota bat hartu du ardatz. Kutsatzaile horiek ingurumenarekin kontaktuan jarri eta izaki bizidunetan edo ekosisteman ondorio kaltegarriak eragin ditzaketen substantzia kimikoak edo mikroorganismoak dira. Pestizidak, farmazia-produktuak, gehigarri industrialak, norbera zaintzeko produktuak eta abar izan daitezke. “Lan honetan —azaltzen du—, antiinflamatorio ez-esteroideoetan jarri dugu arreta, hala nola azido salizilikoan edo diklofenakoan, horiek baitira gehien kontsumitzen direnak. Gizakietan erabiltzeaz gain, albaitaritzan ere erabiltzen dira, eta lurpeko uretara, azalekoetara eta kontsumoko uretara ere iristen ahal dira”.

Uraren kutsatzaile horiek atxikitzeko eta bereizteko, Leticia Santamaríak hidroxido bikoitz laminarrak erabili ditu. “Sendotasun solidoko materialak dira, eta, sendagaiek kutsatutako uretan sartzean, material horren geruzetan geratzen dira, eta hori, gainera, ekonomia zirkularraren estrategiaren barruan dago”.

Hidroxido horien berezitasuna da gatz-zepetatik sintetizatu egin direla (aluminioa birziklatzean sortutako industria-hondakina). “Azpiproduktu mota hori hondakin arriskutsutzat jotzen du Europar Batasunak. Gure helburua balorizatzea izan da, eta itxuraz baliorik ez duen hondakin batek azkenean ingurumen-aplikazio bat izatea lortu dugu”.

Emaitza bikainak

Garatutako ikerketan kutsatzaileen presentzia uretan gutxitzeko bi modu ikertu ziren. Alde batetik, adsortzio-prozesuak, zeinetan interakzio kimiko eta fisikoen bidez sendagaiak uretik bereizten baitira, hidroxido bikoitz laminarren gainazalari itsatsita geratzean. “Emaitzak itxaropentsuak izan dira, erabilera horietarako berariaz diseinatutako konposatu komertzialak baino adsortzio-ahalmen handiagoko materialak sintetizatu eta garatu baititugu”, adierazi du lanaren egileak.

Bestalde, prozesu fotokatalitikoak erabili dira. Horietan, hidroxido bikoitz laminarrak titanioz eta burdinaz aldatzen dira, eta, argi ultramoreak emandako energiaren laguntzarekin, katalizatzaile gisa jarduten dute, kutsatzaile berriak degradatzeko. “Lortutako emaitza bikainek agerian uzten dute hondakin arriskutsuan dagoen aluminioa balio erantsiko produktu bihur daitekeela, eta ur kutsatuak tratatzeko prozesuetan erabil daitekeela. Gainera, beste abantaila bat ere badu: hondakinak arriskutsua izateari uzten dio, garbitu eta aluminioa atera eta gero”, adierazi du Leticia Santamariak.

Honako hau da doktoretza tesiaren izenburua: “Hidróxidos dobles laminares sintetizados a partir de aluminio extraído de escorias salinas, aplicado en procesos de adsorción y fotocatálisis para la eliminación de contaminantes emergentes”. Antonio Gil Bravo Ingeniaritza Kimikoko katedradunak eta Sofia Korili Ingeniaritza Kimikoko irakasle titularrak zuzendurik (biak NUPeko Zientzien Sailekoak), tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, nazioarteko aipamenarekin.

Ikerketa horren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko “Ingurumen Teknologiak eta Aplikazioak” (TAMA) ikerketa-taldeak egiten duen lanaren emaitza gisa, 4 asmakuntza-patente aurkeztu dira orain arte. Antonio Gil Bravo da taldearen buru eta, beste zenbait ikertzaileren artean, Leticia Santamaría du kide. 

Curriculum vitae laburra

Leticia Santamaría Arana Ingurumen Zientzietako lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean, eta Ingurumen Nanoteknologiako Unibertsitatearteko Masterra du Zaragozako Unibertsitatean. Doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du. Gaur egun, Zientzien Saileko ikertzailea da eta TAMA ikerketa taldeari atxikita dago.

Bere tesia egin bitartean, zazpi ikerketa-artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, eta ikerketa-egonaldi bat egin zuen Louvaingo (Belgika) Université catholique-n. Era berean, komunikazioak aurkeztu ditu dozena bat biltzar nazionaletan eta nazioarteko biltzarretan eta bost ikerketa proiektutan hartu du parte. 2018an ahozko komunikazio onenaren saria jaso zuen INAMAT Material Aurreratuen Institutuaren I. Doktoretza Jardunaldietan.