Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) David Garciandía Igal eta María Dolores Martínez Segura egresatuek eta Angie Marcela Bejarano Riveros masterreko tituludunak irabazi dute “ex aequo” Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren Jaime Brunet Unibertsitateko Saria, izen bereko fundazioak emana. Saria 2.000 eurokoa da (kasu honetan, irabazleen artean banatzeko), gehi egiaztagiri bat, eta gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten NUPeko gradu eta master amaierako lanak saritzea du xede.
David Garciandía Igal Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko egresatuak lan honekin irabazi du saria: “Los Derechos Humanos en China: el marco jurídico de la libertad religiosa y su aplicación práctica”. Bertan azaltzen duenez, Txinan “bost erlijioren praktika baino ez da baimentzen”, eta “egintza erlijiosoaren kontrola handia da”. “Independentziaren eta autogestioaren printzipioen bidez, Txinako gobernuak erlijioek kultura txinatarra bereganatu dezaten eta nazioarteko erlijio-sareekiko loturak eten ditzaten nahi du, modu horretan nolabaiteko autarkia erlijiosoa sortuz. 1980ko hamarkadatik erlijio-politikak irekitasunaren aldeko norabidea hartu badu ere, azken urteotan erlijio-askatasunaren esparru juridikoa gehiago mugatu da”, erantsi du. Alejandro Torres Gutiérrez Konstituzio Zuzenbideko katedraduna da lanaren zuzendaria.
Erizaintza, kultura-aniztasuna eta Nafarroan asiloan dauden adingabeentzako arreta
Bestalde, María Dolores Martínez Segura Erizaintzako graduatuak “gaur egungo errealitate multikulturalaren aurrean” erizaintzako profesionalek duten erronkari erantzuten saiatzen da, eta, horretarako, dimentsio kulturalean oinarritutako prestakuntza proposatzen du, “zaintza holistiko eta trebea” emanen duena. Bere ikerlana, “Revisión de la actualización de enfermería transcultural con inmigrantes vulnerables” izenburua duena, osasun-arloko datu-base nagusien bidez irakurketa eta berrikuspen bibliografikoa egitean datza, gaur egungo migrazioari eta erizaintza transkulturalari buruzko informazioa lortzeko. Osagarri moduan, Bartzelonako Vall d’Hebron-Drassanes (UMTSID) Medikuntza Tropikaleko eta Nazioarteko Osasuneko Unitatean egindako landa-lana gehitu dio ikerketari. Lanaren zuzendaria Raquel Sáenz Mendía irakaslea da.
Azkenik, Angie Marcela Bejarano Riveros Gizabanako, Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Sozialeko Unibertsitate Masterreko tituludunak lan hau egin du “Menores acompañados y vinculados al programa de asilo de Navarra. Diagnóstico de necesidades psicológicas y propuestas para la mejora de su intervención”. Lan horretan, sarituak kolektibo horren behar psikosozialak eta harrera-programen bidez ematen zaion arreta aztertu ditu, bai eta haien arreta hobetzen lagunduko duten hobekuntzak proposatu ere. Lotura afektiboak indartzearen garrantzia nabarmentzen du; alderdi negatibo gisa, berriz, bizilekuaren etengabeko aldaketak aipatzen ditu, eta, jardunbide egoki gisa, erakundeen arteko koordinazioa, familiaren esku-hartzea eta aisialdiko baliabideen eskaintza handia. Kasu honetan, Izaskun Andueza Imirizaldu izan da lanaren zuzendaria.
Jaime Brunet Unibertsitate Saria
2014. urtetik Jaime Brunet Fundazioak ematen du Jaime Brunet Unibertsitate Saria. Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du Fundazioak 1998tik, giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta nabarmendu eta aupatzeko.
Jaime Brunet fundazioa kultur fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta hauek ditu helburuak: giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.
Jaime Brunet Romerok (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, 1992) eman dio izena Fundazioari. Brunet Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza NUPen duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.