Joan eduki nagusira

Mar Rubio Varas Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia Saileko irakaslea Institute for Advanced Research in Business and Economics (INARBE) institutuaren buru da 2020aren amaieraz geroztik. Unibertsitateko ikerketaren parte bat egiten duen institutu horrek ikerketako funtsetako milioi bat euro inguru eskuratu ditu 2016tik 2019ra deialdi publiko lehiakorretan. Óscar Martín Martín eta Jon Benito Ostolaza irakasleek osatzen dute zuzendaritza-taldea (zuzendariordea eta idazkaria, hurrenez hurren).

zoom INARBE

INARBEren zuzendaritza-taldeko kideak. Ezkerretik eskuinera Jon Benito Ostolaza, Mar Rubio Varas eta Óscar Martín Martín.

 

INARBE institutuan 79 ikertzaile ari dira lanean, eta eragile ekonomiko eta sozialek hartutako erabakiek enpresen jardunean eta ongizate sozialean nolako eragina duten ikertzen dute. “Maila goreneko ikerketa akademikoa eginez, prestakuntza espezializatuko programak martxan jarriz eta eragile ekonomikoekin elkarlanean arituz jakintza sortu eta ideiak eta proposamenak zabaldu nahi ditu INARBEk, enpresa, gobernu eta gizarteei gaur egungo ingurune globaleko errokak gainditzen laguntzeko”, azaldu du zuzendariak. Hiru arlo hauen analisi ekonomikoa egiten da INARBEren estrategia-lerroetan:  erakundeak eta enpresen estrategia, merkatuak eta politika publikoak.

Azkeneko bost urteetan, INARBEn idatzitako ia 300 artikulu argitaratu dituzte nazioarteko aldizkarietan, pareko ikertzaileek berrikusi eta oniritzia eman ondoren, eta artikuluen ia % 60 kuartil gorenean sailkatutako aldizkarietan plazaratu dira. Institutuko ikertzaileak lankidetzan aritzen dira Europako, Latinoamerikako, Ipar Amerikako eta Ozeaniako ikerketa-sareekin, eta harremanak dituzte organismo multilateral eta enpresa multinazionalekin. 

Mar Rubio Varasen curriculuma

Mar Rubio Varas ekonomista da, eta baliabide naturalen, energiaren eta hazkunde ekonomikoaren epe luzeko harremanetan dago espezializatua. Doktoretza (2002) eta masterra (1998) London School of Economics unibertsitatean egin zituen (Erresuma Batua) eta lizentzia, berriz, Carlos III Unibertsitatean, Madrilen (1996). Prestakuntza akademikoa osatzeko, Fulbright beka bat eskuratu zuen UC Berkeley unibertsitateko Ekonomia Sailean (Kalifornia, Estatu Batuak). 2002an, Universitat Pompeu Fabrako Ekonomia eta Enpresa Sailean hasi zen lanean, irakasle bisitari gisa hasieran, eta Juan de la Cierva programako ikertzaile gisa geroago. 2008an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sailera etorri zen, eta NUPeko Historia eta Erakunde Ekonomikoak arloko irakasle titularra da 2011z geroztik.

Ikerketa-egonaldiak egin ditu Europan eta Amerikan, eta 70 biltzar akademikotan baino gehiagotan hartu du parte. Espainiako eta nazioarteko hamar ikerketa-proiektu finantzatutan aritu da, horietako lautan ikertzaile nagusi gisa. 2015ean, energia nuklearra sartu zen bere ikerketa-agendan, eta, orduz geroztik, Espainiako sektore nuklearraren historia ekonomiko eta finantzarioari buruzko bi ikerketa-proiektu gidatu ditu ondoz ondo. Gainera, Europako gizarteek energia atomikoarekin duten erlazio kontraesankorrari buruzko HoNESt proiektu europarraren idazkari zientifikoa ere izan da. Ingurumeneko ekonomiaren, ekonomia eta politika energetikoaren eta historia ekonomikoaren arloko nazioarteko aldizkarietan argitaratu ditu bere ikerketak.