Maribel Rubia Galiano Ingurumen Zientzietako lizentziadunak bere doktoretza-tesian ikertu du nola eragin diezaioketen landare lekadunek nitrogenoa hartzeko prozesuari ingurumen-faktoreen aldaketek. Horretarako, landare horiek erabiltzen dituzten erantzunak aztertu zituen, eta, besteak beste, luminiszentzia igortzean oinarritutako teknika berri bat erabili zuen, “denbora errealean eta modu ez-suntsitzailean prolina —landareen lehorteari erantzuteko aminoazido giltzarria— monitorizatzeko aukera eman diguna Rhizobium leguminosarum bakterioarekin egindako ilarraren sinbiosian”.
Lekadunak, zerealen ondoren, giza elikadurarako labore garrantzitsuena dira. Lurzoruko bakterioekin erlazio sinbiotikoa ezartzeko duten gaitasunari esker (errizobio deitzen zaie), ongarri nitrogenatuak erabiltzeak ingurumenean duen eragina murrizten da. Errizobioak landare horien sustraietan sartzen dira, eta nitrogenoa finkatzen duten noduluak osatzen dituzte. Horrela, landareak konposatu organikoak eratzeko erabil dezake nitrogenoa.
Honako hau da doktoretza-tesiaren izenburua: “Integrative approaches for the analysis of abiotic stress responses in the legume-Rhizobium symbiosis: from shoots to roots” (Ikuspegi integratzaileak, lekadun-Rhizobium sinbiosian estres abiotikoari ematen zaizkion erantzunak aztertzeko: airetik sustraira). Cesar Arrese-Igor Sánchez Landare Fisiologiako katedradunak eta Estíbaliz Larrainzar Rodríguez Ramón y Cajal ikertzaileak zuzendu dute (biak NUPeko Zientzien Sailekoak) eta “cum laude” kalifikazioa eta nazioarteko doktoretza aipamena lortu ditu.
“Nire tesiaren helburu orokorra —dio Maribel Rubiak— nitrogenoaren finkapen sinbiotikoaren erregulazioari buruzko ezagutzak zabaltzea izan zen, baita estres abiotikoari erantzuten diotenean landareek aktibatzen dituzten mekanismo fisiologiko eta biokimikoei buruzkoak ere”. Estres abiotikoak mekanismo fisiologiko eta metaboliko horiek aldatzen dituzten ingurumen-faktoreei egiten die erreferentzia, eta landareen hazkundea, garapena eta errendimendua murriztu ditzake.
Teknika berritzailea
Ikerketan, Maribel Rubiak konposatu osmobabesleetako bat aztertu zuen. Konposatu hori landareek eta bakterioek erabiltzen dute estresaren ondorioei aurre egiteko eta zelulen bideragarritasunari eusteko. “Prolina aminoazidoa bere paper osmorregulatzaileagatik, seinale molekula izateagatik eta estres egoeretan energia iturria izateagatik nabarmentzen da. Luminiszentzia-emisioan oinarritutako teknika berri bati esker, Rhizobium leguminosarum-en (nitrogenoa finkatzeko gai den bakterioa) eta ilarraren sinbiosian prolinaren erabilera denbora errealean monitorizatu ahal izan dugu, modu ez-suntsitzailean”.
Lortutako emaitzen artean, egiaztatu zen bakteroideetan (nitrogenoa finkatzeko errizobiotik bereizitako forma), prolina ez dela metatzen estres-fasean, errekuperazio-aldian baizik, landarea hazteko baldintza hoberenak ezarri eta gero. “Horrek onura bikoitza adieraz lezake: batetik, noduluaren zitosolean prolina-mailak berrezartzen dira, eta, bestetik, bakteroidearen metabolismoari eusteko energia-iturri gehigarria ematen da”, tesiaren egileak adierazi duenez.
Gainera, tesi horretan, proteinen eta konposatu metabolikoen profila ere aztertu zen ilar-landareen noduluetan, aminoazidoen metabolismoa hobeto ulertzeko. Era berean, nodulatutako soja-landareen ehunen arteko karbonoaren garraioan lehorteak duen eragina ebaluatu zen.
Curriculum vitae laburra
Maribel Rubia Galiano Ingurumen Zientzietako lizentziaduna da Granadako Unibertsitatean, eta bertan Nekazaritza Biologiako eta Akuikulturako Unibertsitate Masterra egin zuen. Ondoren, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Ikertzaileak Prestatzeko Azpiprogramako laguntzetako bat lortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2013-2017), non doktoretza egin baitu. 2018az geroztik, proiektu-laguntzaile gisa dihardu NUPeko Landare Fisiologiako Ikerketa Taldean.
Tesian, ikerketa-egonaldi bana egin zuen Philip Poole Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Landare Zientzien Saileko irakaslearen taldean eta Stefanie Wienkoop Vienako Unibertsitateko (Austria) Sistema Molekularren Biologia Saileko irakaslearen taldean. Era berean, dozena erdi ikerketa-proiektutan hartu du parte, eragin handiko aldizkarietan zenbait argitalpen zientifiko egin ditu eta hamar komunikazio baino gehiago aurkeztu ditu estatuko eta nazioarteko biltzar zientifikoetan.