Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izanen da, eta, horren harira, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedraren bidez, dibulgazioko hitzaldi batzuk antolatu ditu otsailaren 8tik 12ra bitartean Batxilergoko ikastetxeetan emateko. Gainera, “Yo quiero ser científica” antzezlanaren bi emanaldi programatu dira, eta horietako bat, Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatua, Gayarre Antzokian izanen da.
“Emakume zientzialariak ikasgeletara” izenburupean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait emakume ikertzailek hitzaldiak emanen dituzte ikastetxeetan. Ikastetxe interesdunek webgune honetan eskuragarri dagoen eta espresuki horretarako sortutako inprimakiaren bidez egiten ahal dute eskabidea.
Hitzaldien gaiak askotarikoak dira: Nobel saria jaso duten emakume zientzialariak; Nola ikasten dute makinek?; Google eta aljebra lineala, zein da tokirik hoberena kontzertu batera sartzeko ilaran?; Mugimendua ebaluatzeko sentsoreak; Gaurko informatikatik etorkizunera begira; Adimen artifiziala: fikzioa edo errealitatea?; Energia eolikoari buruzko gaur egungo ikerketak; Ingeniaritza biomedikoa: abian diren proiektuak; Emakumeak STEM karreretan; Emakumezko industria-ingeniariak eta energia eolikoa; eta Klima-aldaketaren erronkak: zer bilakaera izanen du ekologiaren eta ingurumenaren arloko ikerketak?
Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak “Yo quiero ser científica" antzezlanaren bi emanaldi ere programatu ditu. Bertan, NUPeko emakume ikertzaile batzuek historian garrantzia izan duten zenbait emakume zientzialariren bizitza antzezten dute. Helburua da zenbait eredu agerian jartzea neskek beren burua haiekin identifika dezaten eta inspirazio iturri izan ditzaten, eta, hala, zientziarekiko eta teknologiarekiko interes handiagoa izan dezaten.
Lehen saioa otsailaren 11n, ostegunean, izanen da, 11:00etan, NUPeko liburutegian (Aforoa bete arte emanen dira gonbidapenak. Otsailaren 8tik aurrera jaso behar dira (astelehena), liburutegiko mailegu mahaian). Bigarrena, Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatua, ostiralean, hilak 12, izanen da, 19:00etan, Gayarre Antzokian; sarrerak 2 euro balioko du eta 200 lagunentzako lekua baino ez da izanen.