Cristina Cadenas Sánchez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Juan de la Cierva doktoretza ondoko ikertzailea izendatu du “Medicines” nazioarteko aldizkari espezializatuak aurtengo ikertzaile gazterik hoberena. Sari gisa, mila franko suitzar eta ohorezko plaka bat jasoko ditu, eta aukera izanen du aldizkarian argitalpen bat doan egiteko. Izan ere, ikertzaileak Medikuntzaren arloan duen bikaintasuna baloratzen du sariak, arlo horretan aurrera egiteko egindako ekarpen aitzindari eta esanguratsua azpimarratuz.
NUPeko Osasun Zientzien Saileko ELIKOS - ELikadura arIKeta Fisikoa eta OSasuna ikerketa-taldeko eta IS-FOOD - Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko ikertzailea da Cristina Cadenas Sánchez. Gainera, Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuari dago atxikita (IdiSNA).
Bere ibilbidearen eta ikerketa-eremuaren laburpena
Cristina Cadenas Sánchez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Juan de la Cierva doktoretza ondoko ikertzailea da 2020ko maiatzaz geroztik. Aurretik, doktoretza ondoko ikertzaile gisa egin zuen lan Cadizko Unibertsitatean (MOVE-it taldean) eta Granadako Unibertsitatean (PROFITH taldean), azken horretan egin baitzuen doktoretza-tesia “Biomedikuntza: jarduera fisikoa eta osasuna” ildoan.
Bere ikerketek nabarmentzen dute jarduera fisikoak eta egoera fisikoak garrantzi handia dutela jende guztiaren osasun fisikoan eta mentalean, batez ere gehiegizko pisua edo obesitatea duten haurrengan. Ildo horretako Espainiako eta nazioarteko hainbat proiektutan hartu du parte, eta, horietako bostetan, proiektuaren arduraduna izan da. Gaur egun, ariketa fisikoak eta nutrizioak esteatosi hepatiko pediatrikoan zer ondorio metaboliko eta fisiologiko dituzten aztertzen du.