Truke-programetan parte hartzen duten 13 herrialdetako 40 ikaslek eginen dute udaberriko seihilekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2020-2021 ikasturtean, erakunde akademikoak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko programa desberdinen barnean.
Nazioarteko ikasle bisitariak, NUPeko liburutegiaren ondoko plazatxoan. Irudiaren eskuineko muturrean, Jorge Elso Torralba, Nazioartekotzeko errektoreordea.
Gazte atzerritarrek Buddy Programan parte hartzen duten NUPeko hogei bat ikasleren laguntza izanen dute lehen seihilekoan. Harrera egiteko ekimen horretan, NUPeko ikasleek laguntza ematen diete kanpoko ikasleei, dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzeko, dela beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten. Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorriaren osagarria da ekimen hori. Harrera egiteko beste zerbitzu bat espainierako doako ikastaro trinko bat da, astebetez egiten dena Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian.
Ongietorriaren barnean, Unibertsitateko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak koordinatuta, bisita gidatu bat ere eskaintzen zaie Unibertsitatean barrena, bai eta NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultur eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak ere.
Ikasleak, herrialdeka
Nazioarteko ikasleak (21 emakume eta 19 gizon) 13 herrialdetakoak dira, gehienak Europakoak. Gazteak honako herrialde hauetatik datoz: Frantzia (7), Italia (5), Austria (3), Alemania (2), Hungaria (2), Suedia (2), Polonia (1) eta Txekiar Errepublika (1). Horiez gainera, Turkiako 5 ikasle eta Amerikako 11 datoz: Txileko 5, Mexikoko 3 eta beste 3 Estatu Batuetakoak.
Truke-programa nazionalak eta nazioartekoak
Programa motari dagokionez, Erasmus+ programako 27 ikasle daude (Europar Batasuneko eta beste herrialde batzuetako ikasleekin trukea egiteko). Bestetik, Latinoamerikarekin ikasleak trukatzeko Palafox programaren bidez beste 8 datoz NUPera. Azkenik, hiru lagun daude ISEP USA programan, beste bat Nazioarteko ISEP programan eta hirugarren bat ikasle bisitari gisa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 50 herrialdetako goi mailako hezkuntzako 300 erakunderekin hitzarmenak sinatu dituelako daude martxan truke-programa hauek guztiak. Bestalde, gogoan izatekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainia osoko emaitza kualitatiborik onenak lortu dituela Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeekiko mugikortasun deialdian, 2018-2020 aldirako Erasmus+ programaren esparruan.