Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak kanpaina berri bat jarri du abian bere graduen eskaintza akademikoa ezagutzera emateko. “Zure etorkizunak hemen du hasiera” goiburupean, kanpainak ideia bat helarazi nahi die ikasle potentzialei: prestakuntzako, ikaskuntzako eta garapeneko etapa batean sartuko direla eta horrek beren etorkizun profesionala eta pertsonala garatzeko aukera emanen diela. 

zoom CampañaPromoción

Nafarroako Unibertsitate Publikoa Erakusteko Egunak sustatzeko kanpainan erabiliko diren karteletako bi

 

Artworks enpresak diseinatutako kanpainan, ikasle baten irudia NUPen titulatutako pertsona baten irudiarekin fusionatzen da, collage baten moduan. Tituludun hori bere garapen profesionalean eta jakintza-arloan garrantzi handiko postua lortu duen pertsona bat da, dela Nafarroan, dela Espainiako edo atzerriko beste toki batzuetan. Horrela, oraina eta etorkizuna erakusten dira, egungo ikaslea eta izan litekeen profesionala.

Collageak Bauhaus mugimenduaren estilo konstruktibistari jarraitzen dio. Irudiaren kolorea eta forma geometrikoa kanpaina osatzen duten bederatzi ezagutza-arloetako bakoitzarekin lotzen dira, eta hamargarren grafiko orokor bat ere gehitu da.

Gainera, kanpaina Pharus proiektuaren barnean kokatzen da. Proiektu horrek Unibertsitatea eta gizartea lotzea du xede, haien arteko harremana biziagoa izan dadin, eta, horretarako, zenbait lankidetza-ekintza egiten dira pertsonen prestakuntzaren eta ezagutza zientifiko, tekniko eta kulturalaren sorkuntzaren, hedapenaren eta transferentziaren esparruetan egiten den lana erakusteko.

Testuinguru horretan, Unibertsitatea erakusteko egunetan erabiliko da kanpaina lehen aldiz, egun horietan graduko eskaintza akademikoaren berri ematen baita. Kartelak Batxilergoko ikastetxeetara bidaliko dira, eta QR kode bat izanen dute ikasleak informazio guztia duen webgunean sar daitezen eta interesatzen zaizkien saioetan izena eman dezaten.

Kartelez gain, kanpaina beste euskarri eta formatu batzuen bidez ere zabalduko da, hala nola liburuxken eta bannerren bidez, baita zenbait kanaletatik ere.

Kanpainako protagonistak

Kanpainaren irudi orokorrean, Alaitz Gutierrez Jauregi agertzen da, EAZko eta Ekonomiako Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programako 3. ikasmailako ikasle eta Ikasleen Kontseiluko, NUPeko Berdintasun Planaren Batzordeko eta Talde Feminista ikasleen elkarteko kidea, eta bere erretratua Eneko Sanz Pascualenarekin fusionatzen da, zeina Industria Ingeniaritzako tituludun (2000), NABRAWINDeko fundatzaile eta zuzendari nagusi eta NUPeko Alumni Nabarmenaren V. sariaren irabazlea baita.

Horiez gain, hauek dira kanpainan parte hartu duten pertsonak eta beren jakintza-arloak:

Informatika eta Telekomunikazioa. Paula Lozano Duarte Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Nazioarteko Programako 4. ikasmailako ikasle eta Unibertsitate Publikoetako Ikasleen Ordezkarien Koordinakundeko (CREUP) antolakuntzako lehendakariordea, eta, harekin batera, María Pilar Garde Luque Telekomunikazio Ingeniaritzako tituludun (2014), doktore (2019) eta Europako Espazio Agentziako ikertzailea (Herbehereak).

Zientzia Juridikoak. Aitor Nicuesa García EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programako 3. ikasmailako ikasle eta EBko karrera profesionaletako NUPeko enbaxadorea, eta, harekin batera, Sara E. Ciriza Beortegui Zuzenbideko tituludun (2004) eta diplomazialaria, Atzerriko Ordezkaritzen Arloko buru baita (Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioa).

Osasun Zientziak. Xabier Claver Ruiz de Eguino Erizaintzako 4. ikasmailako ikasle, 1. ikasmailako ikasleen mentore, eta gelako ordezkari eta ordezkariordea, eta, harekin batera, Ignacio Garbisu Urdániz Erizaintzako tituludun (1993) eta Madrilgo Niño Jesús Haurren Ospitale Unibertsitarioko Erizaintzako zuzendaria.

Industria Zientziak. Miriam Mesquita González Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako 3. ikasmailako ikasle eta ikerketa proiektuetarako bekaduna, eta, harekin batera, Ana Monreal Vidal Industria Ingeniaritzako tituludun (2007) eta Industrial Augmented Reality enpresako operazioen zuzendaria.

Ekonomia eta Enpresa. Isabel Arrieta García EAZko 4. ikasmailako ikasle, eta gelako ordezkari eta ordezkariordea, eta, harekin batera, María Sanz de Galdeano Arocena Enpresa Zientzietako tituludun (1991) eta CEIN zentroko (Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroa) koordinatzailea.

Zientziak. Marta López Marsá Datuen Zientziako 2. ikasmailako ikasle, gelako ordezkari eta NUPeko Ikasleen Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kidea, eta, harekin batera, Alexandra Bernal Rodríguez Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoko tituludun (2006), Agrobioteknologiako doktore (2013) eta Viscofan enpresako I+G-ko teknikaria.

Giza eta Gizarte Zientziak. Javier Iribertegui Sola Historia eta Ondareko 2. ikasmailako ikasle, 1. ikasmailako ikasleen mentore eta Antzerki Taldeko kidea, eta, harekin batera, Francisco Fernández Nistal Soziologiako tituludun (1995), Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko (CPEN) zuzendari nagusi eta NUPeko Alumni Nabarmenaren II. Sariaren irabazlea.

Nekazaritzako Elikagaiak. Iranzu Zalba Larruy Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradu Bikoitzeko 4. ikasmailako ikasle eta gelako ordezkariordea, eta, harekin batera, Natalia Bellostas Muguerza Nekazaritzako Ingeniaritzako tituludun (2001) eta INTIA Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak enpresako zuzendari kudeatzailea.

Hezkuntza. Unai Seminario Olaizola Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Gradu Bikoitzeko 2. ikasmailako ikasle eta 1. ikasmailako ikasleen mentorea, eta, harekin batera, Bruno Miguel Jiménez Jiménez Musika Hezkuntzako Irakasletzako tituludun (1998) eta Francisco Javier Sáenz de Oiza ikastetxe publikoko zuzendaria (Kaseda).