Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak oinarri teknologikoko enpresa gisa aitortu berri du Neuraptic SL, NUPeko ikerketaren emaitzetatik sortua, eta, horregatik, NUPen “spin-off” izendatu du. Neuraptic SL enpresak adimen artifizialeko teknologiak ikertzen eta garatzen ditu, eta, teknologia horiei esker, bezeroek aukera dute orain arte gizakiek soilik egiten ahal zituzten lanak automatizatzeko.

zoom Neuraptic

Ezkerretik eskuinera: Cristina Bayona, Mikel Elkano, Mikel Xabier Úriz, Ignacio Terés, Ramón Gonzalo, Mikel Galar eta Ricardo Goñi.

 

Oinarri teknologikoko enpresek (OTE) edo “spin-off” motakoek, sarritan, unibertsitateetan egiten den ikerketa-lanaren ondorioz sortzen dira, eta zientziaren edo teknologiaren eremuko aurkikuntza berriak aplikatzen dituzte produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko. Beren garrantzia gero eta handiagoa da; izan ere, enpresa horiek Unibertsitateak bere ingurura jakintza transferitzeko egiazko motor bihurtzen ari dira, kualifikazio handiko enplegua sortzeko apustua egiten dute, industria-inguruneari balio erantsi handia ematen diote, eta gazteak lanean has daitezen errazten dute.

zoom Neuraptic2

Mikel Elkano eta Ramón Gonzalo errektorea, hitzarmena sinatzen.

 

Enpresa eratu zenetik hartzen du parte Nafarroako Unibertsitate Publikoak Neuraptic SLren kapital sozialaren % 4,5ean. Nafarroako Rural Kutxak finantzatu du eragiketa hori, erakunde horrek Unibertsitatearekin duen lankidetza-hitzarmena betez.

Honako hauek izan dira Neuraptic NUPen “spin-off” gisa aitortzen duen hitzarmena sinatzeko ekitaldian: Unibertsitatearen aldetik, Ramón Gonzalo García errektorea eta Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Neuraptic enpresaren aldetik, Mikel Elkano Ilintxeta, Mikel Galar Idoate eta Mikel Xabier Uriz Martín bazkide sortzaileak; eta, Rural Kutxaren aldetik, Ignacio Terés Los Arcos presidentea eta Ricardo Goñi Leránoz Harreman Instituzionaletako arduraduna.

Adimen artifizialaren aplikazioa

Mikel Elkano NUPeko ikertzaileak (zuzendari exekutiboa) eta Mikel Galar eta Mikel Xabier Úriz NUPeko Konputazioaren Zientziako eta Adimen Artifizialeko ikertzaileek osatzen dute Neuraptic SL enpresa, zeinak Nafarroako Gobernuak bultzatutako “Iníciate” saria irabazi baitzuen 2020an. Enpresak adimen artifizialeko teknologiak ikertzea eta garatzea du helburu, bezeroak aukera izan dezaten orain arte gizakiek soilik egiten ahal zituzten lanak automatizatzeko. 

Zeregin horien artean dago, esaterako, kate-ekoizpenaren kalitatea kontrolatzeko postuetan egiten den ikuskapen bisuala. Kasu horietan, langile batek eskuz ikuskatzen du produktua, egoten ahal diren akatsen bila: pitzadurak, orbanak, mailatuak, etab. Teknologia horren laguntzarekin, prozesu hori automatikoki egiten ahal da, eta ikuskapenak azkarrak eta fidagarriak dira.

Adimen artifizialaren beste aplikazioetako bat dokumentuen sailkapen eta sintesi automatikoa da. Kasu horretan, adimen artifiziala gai da bezeroa zeregin errepikakor eta astunetatik askatzeko, hala nola txostenak egitetik edo dokumentuak edukiaren arabera antolatzetik.

Mikel Elkanok azaldu duenez, “Google, Facebook, Amazon eta bestelako erraldoi teknologikoek aurrerapen handiak egin dituzte alor horretan, baina konpainia horiek garatu dituzten adimen artifizialeko punta-puntako teknologiek lan generikoak eta errepikakorrak egin ohi dituzte, ahalik eta erabilera gehien izateko. Nolanahi ere, beren prozesu edo produktuetan adimen artifiziala integratzen duten bezeroen kopuruak gora egin ahala, gero eta ohikoagoa da adimen artifizialeko teknologia generikoekin nahikoa ez duten lan espezifikoak aurkitzea. Gizakiek bezala, adimen artifizialak praktika eta entrenamendua behar ditu lanpostu espezifikoak betetzeko”.

Alde horretatik, lanerako aldez aurreko ezagutza eskatzen duten kasu espezifikoetarako adimen artifiziala garatzea da Neurapticen helburua.

Enpresak adimen artifizialaren edozein aplikazio motatarako neurrira egindako garapenak eskaintzen baditu ere, Neurapticen lehenbiziko produktuak ikuskapen bisual automatikoak izanen ditu ardatz; izan ere, Unibertsitatean egon ziren garaian, enpresa horren sortzaileek gero eta eskari handiagoa hauteman zuten mota horretako aplikazioetan. OTRI transferentzia-proiektuen bidez, sortzaileek SKF, BSH eta Audenasa enpresetara hedatu dute dagoeneko beren teknologia.

Produktua 2021eko lehen hiruhilekoan merkaturatzea espero dute, eta prezio malguagoak eta erakargarriagoak eskaintzeko aukera emanen du erabileraren araberako ordainketari esker. “Ordainketa-modalitate horrek enpresei adimen artifizialaren munduan sartzen laguntzea espero da, oraindik haurtzaroan dagoen teknologia batean inbertitzeko arriskua murriztuz”, adierazi du Elkanok.