Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Laneko Saileko irakasle eta ikertzaile Lohitzune Zuloaga Lojok eta Eliana Alemán Salcedok beste egile batzuekin elkarlanean idatzitako liburu batean hartu dute parte: “Género y política. Estudios empíricos y documentales” izena du liburuak, eta “La politización de las agresiones sexuales en España”, berriz, haien kapituluak, non “La Manada” deitutako taldearen sexu erasoaren kasua jorratzen baitute. Liburuaren argitaratzaile eta koordinatzailea Kolonbiako Comfenalco Fundazio Unibertsitario Teknologikoa da; izan ere, RIEGE genero ikasketen diziplinarteko sarea ere koordinatzen du erakunde horrek, eta sareko kide dira, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi ikertzaileak.
Lohitzune Zuloagak eta Eliana Alemánek idatzitako kapituluaren aztergaia da “presakoa zela sexu erasoen arazoa gai politiko gisa tratatzea Espainian, eta erreferentzia gisa azaltzen du ‘La Manada’ taldearen kasu mediatikoa inflexio puntua izan zela. Artikuluan aztertzen da eraso hark nola hartu zuen garrantzi soziala eta nola bihurtu zen erakunde politikoek arautu beharreko gai”, azaldu dute idazleek. “Zehazki, jakin nahi genuen zer eragile eta faktore nagusik izan zuten eragina Iruñeko agenda publikoaren eraketan, horien ondorioz interes sozial eta politikoa hartu baitzuten sexu erasoek Espainian” zehaztu dute. Nagore Laffage 2008an erail zuteneko kasua ere ikertu dute; izan ere, hura izan zen herritarrak indarkeria sexistaren kontra mobilizarazi zituen beste gertaera garrantzitsu bat, nahiz eta kopurutan ez zuen izan lehenbizi aipatutako kasuak bezainbesteko eragina.
RIEGE sarea eta argitalpenean parte hartu duten erakundeak
RIEGE sareak bideak bilatzen ditu berdintasunaren, inklusioaren, heziketaren eta eskubideak genero ikuspegiarekin aitortu eta aldarrikatzearen inguruko gaiei buruzko jakintza partekatzeko, demokratizatzeko eta zabaltzeko, tokian-tokian, eskualdeetan, estatuetan zein nazioartean. Horretaz gain, diziplinarteko lana eta trebakuntza osagarria bultzatzen ditu gai horren inguruan.
Liburuan, Kolonbiako honako erakunde hauetako zenbait ikertzailek ere hartu dute parte: Barranquillako Universidad de la Costa (CUC), Bogotáko Unibertsitate Iberoamerikarra, Comfenalco Fundazio Unibertsitario Teknologikoa (Cartagena de Indias), Kolonbiako Universidad del Norte, Kolonbiako Unibertsitate Nazionala eta Karibeko Unibertsitate Autonomoa. RIEGE sareko kide dira, halaber, San Buenaventura Unibertsitatea (Cartagena), Sinúko Unibertsitatea, Guanajuatoko Unibertsitatea (Mexiko) eta Guayaquileko Unibertsitatea (Ekuador).