Joan eduki nagusira

Pandemia garai honetan adineko pertsonen bakardadea arintzeko laguntza-programa bat Espainiako hiru onenetakotzat jo dute berriki egindako Mundu Digitalaren Joeren Nazioarteko Behatokiaren (Netexplo) Sarien lehen edizioan. Ignacio López Fernández de Mesa Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Laneko egresatuak diseinatu du programa hori.

zoom Ignacio López

Ignacio López Fernández de Mesa NUPeko egresatua

Berrikuntza Sozial Digitalaren kategorian lortu du saria, eta, epaian zehazten denez, hura emateko “COVID-19aren pandemiaren testuinguruan programak ematen duen aukera baloratu zen, pandemiaren ondorioz adinekoen bakardadea eta harremanik eza areagotu baitira".

Netexplo erakundea 2007an sortu zen. Parisen du egoitza, eta Frantziako Senatuaren eta UNESCOren babesa du. Munduan berrikuntza digitalaren gakoak ulertzeko beharretik sortu zen, enpresetan eta erakundeetan eraldaketa digitalari aurre egiteko eta hura bultzatzeko xedez. Horretarako, beste herrialde batzuen artean, Estatu Batuetako, Frantziako, Txileko, Kanadako eta Australiako unibertsitateetako adituen nazioarteko sare bat hartzen du barne. 

Ignacio López Fernández de Mesaren lana

Ignacio López Fernández de Mesa Bournemouthetik (Erresuma Batua) itzuli berria da, non adimen desgaitasuna duten pertsonentzako arreta soziosanitarioko konpainia batean lan egiten zuen, gainbegirale gisa, proiektu hau martxan jarri eta egoitza geriatrikoetan ezartzeko.  

“Titas Caregiver: Adineko pertsonentzako laguntza” da programaren izena, eta pazientearen ongizate psikosoziala areagotzera bideratua dago, laguntza digital humanizatua eskaintzen duen programa baten bidez, pertsona ardatz duen zeharkako eredu bat ezarriz horretarako. “Bete-betean digitalizazioaren garaian sartuta gauden honetan, hirugarren sektoreak berrikuntzak egin behar ditu erronka global handiei aurre egiteko gai izanen diren erantzun berriak diseinatzeko. Eta adineko pertsonek pairatzen duten harremanik eza eta bakardadea, zalantzarik gabe, erronka handia dira gure gizarteentzat”, esan du programaren sortzaileak.