Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), osasun egoera dela eta, “online” formatuan eginen ditu aurten Unibertsitatea Erakusteko Egunak, otsailaren 8tik 18ra, bi aste horietako astelehenetik ostegunera bitarteko arratsaldeetan. Gaika sailkatutako bederatzi hitzaldiek Unibertsitatearen eskaintza osoaren berri emanen dute, eta Batxilergoa edo Lanbide Heziketa egiten ari diren eta heldu den ikasturtean NUPen gradu bat egitea pentsatzen ari diren ikasleei eta beren gurasoei daude zuzenduak. Hitzaldiok zuzenean emanen dira inskripzioa egin dutenentzat, eta grabatu eginen dira nahi duenak beste une batean ikus ditzan. Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da ordutegiei eta hitzaldiei buruzko informazio guztia, baita izena eman ere (hitzaldia zein den, epe desberdinak daude horretarako, otsailean betiere, webgunean zehaztuta dagoen moduan), eta zalantzak argitzeko kontaktuak eskaintzen dira bertan.
Jardunaldietan emanen den informazioa, hala nola NUPek eskaintzen dituen graduei eta zerbitzuei buruzkoa, lan saio batean zehaztu zen. Saio horretan, Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea eta Inmaculada Farran Blanch Irakaskuntzako errektoreordea Nafarroako ikastetxeetako orientatzaileekin elkartu ziren. Urtero antolatzen da lan saio hori, Nafarroako ikastetxeek Unibertsitatearen eskaintza akademikoaren eta nobedadeak berri izan dezaten.
Unibertsitatea Erakusteko Egunak, zehatz-mehatz
Esan bezala, jardunaldiak otsailaren 8an hasiko dira, Nekazaritzako Elikagaien arloko titulazioekin, hots, honakoekin: Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua (NELII), Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradua (EPPB) eta NELIIko eta EPPBko Gradu Bikoitza. Otsailaren 9an, bestalde, Industria Ingeniaritzaren arloko hitzaldiak emanen dira: Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua, Ingeniaritza Mekanikoko Gradua eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako Gradua. Otsailaren 10ean Zientzien arloko hitzaldien txanda izanen da, titulazio hauei buruzkoa hain zuzen: Zientzietako Gradua, Bioteknologiako Gradua, Datuen Zientziako Gradua eta Datuen Zientziako eta EAZko Gradu Bikoitza. Saioak 19:00etan hasiko dira egunero.
Bestalde, Informatikaren eta Telekomunikazioaren arloko hitzaldiak otsailaren 11rako programatu dira. Egun horretan, beraz, gradu hauei buruzko aurkezpenak eginen dira: Ingeniaritza Informatikoko Gradua, Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Gradua, Ingeniaritza Biomedikoko Gradua eta, azkenik, Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitza. Jarraian, otsailaren 15ean, Zientzia Juridikoen arloko titulazioei buruzko hitzaldiak eginen dira: Zuzenbideko Gradua, Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Gradua eta EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza. Otsailaren 16an, bestalde, Osasunaren arloko titulazioen berri emanen da, Erizaintzako, Fisioterapiako, Medikuntzako eta Psikologiako graduei buruz, alegia. Biharamunean, otsailak 17, Hezkuntzaren arloko titulazioen inguruko hitzaldiak eginen dira: Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradua, Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitza. Saio horiek guztiak 19:00etan hasiko dira.
Giza eta Gizarte Zientzien arloko aurkezpenek emanen diete amaiera jardunaldi hauei, otsailaren 18an, Soziologia Aplikatuko Graduari, Gizarte Laneko Graduari eta Historiako eta Ondareko Graduari buruko hitzaldiekin. Hiru saioak 17:00etan hasiko dira, eta gero, 19:00etan, Ekonomiaren eta Enpresaren arlokoak, hots, EAZko Graduarena, Ekonomiako Graduarena eta EAZko eta Ekonomiako Gradu Bikoitzarena. Nazioarteko programei buruzko informazioa dagokien arloetako hitzaldietan emanen da.