Joan eduki nagusira

Ramón Gonzalo García Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak (NUP) harrera egin die gaur 2020-2021 ikasturtean hogeita hamarren bat herrialdetako nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen ari diren 244 ikasleei. Ikasle gehienak (214) Erasmus programakoak dira; 4, Palafoxekoak; 4, Martín de Radakoak; 7, aldebiko hitzarmenetakoak; 6, ISEP USAkoak; 7, ISEP Nazioartekoa izeneko programakoak; eta 2, Prestakuntza Solidarioko programetakoak.

zoom Presidente Caja Rural, Rector y Vicerrector

Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxaren presidentea, Ramón Gonzalo García errektorea eta Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea (ezkerrean), bekak emateko ekitaldia hasi baino lehen.

Ekitaldia Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egin da. Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordearen hitz batzuek eman diote hasiera, eta Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxaren presidenteak hartu du hitza segidan. Osasun murrizketak direla eta, bekak ez dira eskura eman, eta, horren ordez, ikasle bakoitzak berea jaso behar izan du. Dirulaguntzen zenbatekoa desberdina da atzerrian ikasturte osoa igaroko dutenentzat (41 ikasle osotara) eta seihileko baterako joandakoentzat (67 udazkenekoan eta 136 udaberrikoan). Ramón Gonzalo NUPeko errektorearen hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari.

Ikasturte honetan atzerriko unibertsitateren batean ikasiko duten ikasleetatik 140 emakumezkoak dira, eta gizonezkoak 104. Herrialde hauek jasoko dituzte ikasle gehien, kopuruaren arabera ordenatuta: Alemania, Polonia, Belgika, Frantzia, Italia, Suedia, Portugal, Austria eta Estatu Batuak.

Gainera, herrialde hauek ere jasoko dute ikasleren bat: Danimarka, Herbehereak, Txekiar Errepublika, Grezia, Lituania, Bulgaria, Eslovenia, Finlandia, Hungaria, Irlanda, Suitza, Peru, Erresuma Batua, Hego Korea, Mexiko, Txinako Herri Errepublika, Taiwan, Kroazia, Kuba, Japonia, Turkia eta Luxenburgo.

Hainbat mugikortasun programa

Ikasketak atzerrian egiten ari diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek Erasmus programan hartzen dute parte (Europar Batasunaren prestakuntza programa, goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetza bultzatzekoa).

zoom Momento del acto

Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxaren presidentearen hitzaldia.

Palafox da bigarren programa, Nafarroako Unibertsitate Publikoak berak sortua Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko. Programa horren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egin daiteke, ikasleek bermea izanik, betiere, aldi horretan erdietsitako kredituak onartuko zaizkiela itzultzen direnean. NUPen nazioarteko beste programa bat Martín de Rada izenekoa da, bere baitan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako zenbait unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak biltzen dituena.

Programa horietaz gainera, Estatu Batuetako, Australiako, Erresuma Batuko edo Kanadako unibertsitate batzuekin izenpetutako aldebiko hitzarmenak ditugu. Eta, azkenik, ISEP USA dugu, Estatu Batuetako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko aukera eskaintzen duena, eta ISEP Nazioartekoa.