Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) emakumezko hamabi doktoregaik eta ikertzailek Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dauden eta zientzia eta teknologiarekin lotuta dauden lantegi esperimentalak ematen dituzte urteko azken hiruhilekoan. Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako Zuzendaritza Orokorrak eta Unibertsitateko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak batera antolatu dute ZTIM proiektua, eta haren helburua da emakumeak STIM titulazio deritzenetan duen eginkizuna agerian uztea (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika, ingelesezko sigletan) eta ereduak sortzea neskek eta emakume gazteek jakin dezaten diziplina horietan jarduten ahal dutela.

zoom Stem

NUPeko ikertzaile batzuk, hainbat institututan egindako jardueren arduradunak, Unibertsitateko Liburutegian.

 

Gurutze Pérez Artieda katedra horretako zuzendariak eta NUPeko Ingeniaritza saileko irakasleak azaldu duenez, “proiektu honi sinesgarritasuna ematen dion alderdietako bat da jarduerak masterreko azken ikasmailetako emakumezko ikasleek, doktoregaiek edo zientzietako eta ingeniaritzako emakumezko ikertzaileek egiten dituztela. Horrela, mezu hau helarazten dugu: arlo horretan jardun nahi baduzu, ez dago zailtasun gehigarririk emakumea izateagatik”.

zoom Stem2

Irubide BHIn egindako saioetako baten irudia.

 

Hiruhileko honetan, Iturrama, Ibaialde, Aita Moret-Irubide eta Barañain institutuetako DBHko 2. eta 3. ikasmailetako talde guztiei ematen zaizkie lantegiak. Honako gai hauek lantzen dira: kimika, elektromagnetismoa, ingeniaritza informatikoa, adimen artifiziala, energia berriztagarriak, ingeniaritza biomedikoa eta ingeniaritza industriala.

zoom Stem3

NUPeko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako ZTIM proiektuaren aurkezpenaren irudi bat.

 

Lantegi bakoitza emakumezko bi aholkularik prestatu eta ematen dute, zientzietako edo ingeniaritzako tituludunak, eta ikastetxeetara joaten dira ezarritako programaren arabera. Hala, Iturrama BHIk energia berriztagarrietako eta elektromagnetismoko lantegiak hartuko ditu; Ibaialde BHIk, ingeniaritza informatikoarena; Irubide BHIk, kimikarenak eta energia berriztagarrienak; eta Barañain BHIk, ingeniaritza biomedikoarena.

zoom Stem4

Ana Burusco Juandeaburre Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusia ZTIM proiektuaren aurkezpenean “Nik zientzialaria izan nahi dut” proiektuaren ikertzaile arduradun eta parte-hartzaileekin batera.

 

Hauek dira jarduera honetan parte hartzen duten emakumezko hamabi ikertzaileak: Irati Jáuregui López, Gradua eta Masterra Telekomunikazio Ingeniaritzan; Alexia Moreno Peñarrubia, Gradua eta Masterra Telekomunikazio Ingeniaritzan; Elisa Braco Sola, Gradua eta Masterra Industria Teknologien Ingeniaritzan; Leyre Rosado Galpasoro, Gradua eta Masterra Industria Teknologien Ingeniaritzan; Laura Cervera Gabalda, Kimikan lizentziaduna; Maitane Maisterra Udi, Kimikan lizentziaduna eta Masterra Produktu Naturalen Farmazian eta Kimikan; Sonia Elizondo Martínez, Gradua Ingeniaritza Informatikoan eta Masterra Ingeniaritza informatikoan; Idoia Cerro Belzuz, Gradua Ingeniaritza Informatikoan eta Masterra Ingeniaritza informatikoan; Itziar Uzqueda Esteban, Gradua eta Masterra Telekomunikazio Ingeniaritzan; Berta Remírez Moreno, Gradua Telekomunikazio Ingeniaritzan eta Masterra Ingeniaritza Biomedikoan; Irene Miquélez Madariaga, Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua eta Masterra; eta Idoia Lizarraga Zubeldía, Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua eta Masterra.

ZTIM proiektuaren aurkezpena NUPen

Azaroaren 25ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Emakumeari, Zientziari eta Teknologiari buruzko Jardunaldien esparruan egin zen ekitaldi batean aurkeztu zuten ZTIM proiektua, eta honako hauek hartu zuten parte: Ana Burusco Juandeaburre Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen zuzendari nagusia; Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Gurutze Pérez Artieda Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako zuzendaria. Lantegiei buruzko bideoaz gainera, “Nik zientzialaria izan nahi dut” eskola lehiaketako sari banaketari buruzko ikus-entzunezko bat eman zen. 

Honako hauek ere joan ziren ekitaldira: Eva Istúriz García Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzailea; Institutuetako zuzendarien elkarteko koordinatzailea eta Padre Moret-Irubide, Barañain, Iturrama eta Ibaialde Institutuetako zuzendariak edo ordezkariak.