Cristina García Vivar NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakaslea Royal College of Surgeons in Ireland erakundeko (Irlandako Kirurgialarien Errege Elkargoa) Erizain eta Emaginen Fakultateko ohorezko kide izendatu dute (“Fellow ad Eundem”).
Erakundeak dioenez, "ospe handiko saria da ohorezko kide izendatzea, eta erizaintzaren arloan eta emaginaren espezialitatean profesional gailenek egindako ibilbide bikaina eta jardunbide profesional ona aitortzen ditu", baita aipatutako arloetan eta, oro har, osasunaren zaintzan egindako ikerketa ere. Oraingo osasun-egoera dela eta, online egin zen saria emateko ekitaldia.
Irakasle saridunaren CV laburra
Cristina Garcia-Vivar NUPeko Erizaintzako irakasle titularra da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Departamentuko zuzendariordea 2020ko otsailaz geroztik. Aurretik, zenbait lanpostu akademiko eta kudeaketako bete zituen Nafarroako Unibertsitatean. Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialeko ikerketako aholkularia ere bada, eta International Family Nursing Association erakundeko Zuzendaritza Batzordeko kide hautatua ere bai (IFNA).
Bere ikerketa-arloa kronikotasunarekin dago lotua, eta prozesu kroniko batekin bizi diren familien ongizatearekin, batez ere minbizia duten gaixoen familiekin. Arlo horietan, Espainiako eta Brasilgo lehiaketa-deialdi publikoen bidez finantzatutako zenbait proiektutan hartu du parte ikertzaile nagusi gisa. Horietako batean dihardu gaur egun, zehazki: minbizia denbora luzez izanik bizirik atera direnei eta haien familiei emandako oinarrizko osasun-laguntza hobetzen.
NUPeko eta Nafarroako Osasun Ikerketako Institutuko (IdiSNA) Inno-CARE ikerketa-taldeko ikertzailea da (Erizaintzako praktika berritzaileen ingurukoa). Era berean, Espainiako eta nazioarteko hainbat lantaldetako eta ikerketa-taldetako kide da: Erizaintza Onkologikoaren Espainiako Elkartearen Bizirik dirautenen SEEO taldekoa, Nafarroako Unibertsitateko "Prozesu kronikoak, bizitzaren amaierako zaintza eta familia” taldekoa, "Family Research in Europe" (FAM-RE) eta "European Centre of Research Excellence-Continuing" ikerketa-taldeetakoa.