Joan eduki nagusira

Gonzaga Santesteban García Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakaslea, Julián Palacios Muruzábal bitologo eta nekazaritzako ingeniaria, eta Irene Guede Arboniés Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziadun eta enologian eta mahastizaintzan aditua dira mahastizaintzari buruzko “La filoxera” dibulgazio programaren arduradunak. Bigarren denboraldiko lehen kapitulua emititu berri du Unibertsitateak. Proiektuak NUPeko Hezkuntzaren Berrikuntzarako Goi Mailako Ikastegiaren (CSIE) laguntza du.

zoom Integrantes

Mahastizaintzari buruzko “La filoxera” dibulgazio programako kideak. Ezkerretik eskuinera: Gonzaga Santesteban, Irene Guede eta Julián Palacios.

Programa podcast eta ikus-entzunezko formatuan egiten da, eta ardoaz eta ardoaren ekoizpenaz interesa duen publikoarengana (espezializatua izan zein ez) mahastizaintzaren munduari buruzko edukiak hurbiltzea du xede, modu arinean baina ikuspegi zientifiko zorrotzarekin: “Sektore honetan oztopo ugari daude, oso modu teknikoan komunikatzen da eta mundu elitista eta urruna delako pertzepzioa dago”, adierazi dute programaren arduradunek. Kapituluak ordubetekoak dira gutxi gorabehera, eta programaren www.lafiloxera.com webgunean daude eskuragarri, baita honako plataforma hauetan ere: YouTube, Spotify, Google Podcasts, Itunes eta Ivoox. 

Gaurkotasun zientifikoa, elkarrizketak eta ardoen aurkikuntza

Programa bakoitzak sei atal ditu, mahastizaintzarekin zerikusia duen hari baten inguruan (haria, normalean, mahastia dagoen urtaroa da). Horrela, programak atal hauek eskaintzen ditu: “historiako bitologoei” buruzko atal bat; dibulgazioaren ikuspuntutik jorratutako "gaurkotasun zientifikoari" buruzko beste bat; “hitz bitxia” atala, mahastizaintzarekin loturik gutxi ezagutzen diren edo jada erabiltzen ez diren hitzak berreskuratzea ardatz duena; “wineshit” atala, sare sozialetan ardoari eta mahastizaintzari buruz egiten diren komunikazioak aztertzen dituena; “momentutxoa”, mahastiaren unean uneko egoeran sakontzen duena; eta “mahatsondo bat motxilan”. Kapitulu bakoitzean, gainera, haietako batek beste bientzat ezezaguna den ardo bat ekartzen du.

Sortzaileek azaldu dutenez, 2019ko azaroan hasi ziren programa grabatzen, baina hazia 2018an landatu zuten, Gonzaga Santesteban eta Julián Palacios ekoizle eta Irene Guede egile izan zituen Las podas olvidadas dokumentala egin zutenean. Nazioan eta nazioartean aitorpen ugari jaso zituen lan horrekin “agerian geratu zen posible zela mahastizaintzari buruz zorroztasunez baina baita emozioz ere komunikatzea”, diote.

Programaren izena filoxeratik dator, mahatsondoari erasotzen dion intsektu batetik. XIX. mendean etorri zen Europara Amerikatik, bi kontinenteen artean baporez bidaiatzea jendartean zabaldu zenean. Intsektuak, orduan, ia-ia desagerrarazi zituen Europako mahastiak. Horri aurre egiteko, XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, Europako landarearen mentua mahatsondo amerikarrean txertatzen hasi ziren, azken hori intsektuarekiko erresistentea baitzen; hau da, Amerikakoa landarearen lurpeko partea zen, eta Europakoa, berriz, lur gainekoa. “Filoxera mahastiaren izurritea izan arren, haren ondorioz bizi izandako krisia erronka handia izan zen eta ezagutza handia sortu zuen, mahastiaren eta ardoaren inguruko dibulgazio-programa bat egiteko abentura honekin gertatzen den bezala; horregatik jarri genion izenburu hori programari”, adierazi dute.