Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) atzo, abenduak 21, Irakasleen Bikaintasun Sariak banatu zituen, sail eta arlo desberdinetako irakasleek 2019an egindako lana aintzatesteko. Ekitaldia Arrosadiko campuseko Nicolás Oresme aretoan egin zen. Ramón Gonzalo García Unibertsitateko errektorea izan zen buru, eta Inés Olaizola Nogales Irakasleen Gaietarako errektoreordea ere egon zen bertan. Aintzatespena jaso zuten irakasleen aldetik, Cristina Solano Goñi Osasun Zientzien Saileko irakasleak hartu zuen hitza.
Aintzatespena jaso duten irakasleen taldeko argazkia. Ezkerretik eskuinera: Ana González Urteaga, Iñaki Zurutuza Arigita, Ramo Barrena Figueroa, Cristina Solano Goñi, Edurne Barrenechea Tartas eta Javier Fernández Montalvo
Cristina Solanori ez ezik, honako hauei ere eman zitzaien saria: Ramo Barrena Figueroa (Enpresen Kudeaketa Saila), Edurne Barrenechea Tartas (Estatistika, Matematika eta Informatika Saila), Javier Fernández Montalvo (Osasun Zientziak), Ana González Urteaga (Enpresen Kudeaketa) eta Iñaki Zurutuza Arigita (Zuzenbidea).
Irakasleen bikaintasunaren ebaluazioa
Ebaluazio-metodoa Unibertsitatean gai horri buruz dagoen araudia eguneratzearen ondorioa da. Zehazki, ebaluazioa borondatez eskatzen da, eta hiru alderdi jasotzen ditu: egokitasuna (emandako edukiak unibertsitatearen, ikastegiaren eta titulazioaren eskakizunekin lerrokatzea, plan estrategikoetan eta ikasketa-planetan jasota dauden bezala), gogobetetzea (jarduerak ikasleen eta arduradun akademikoen aldeko iritziak lortzea) eta irakasleak bere jarduerari buruz duen gogoeta eta aplikatutako hobekuntzak (batzordeetan eta bileretan parte hartuz, baita irakasgaiari eta irakaskuntza estrategiei buruzko prestakuntzan ere).
Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeaz arduratzen den batzordea honako hauek osatzen dute: izen handiko unibertsitateko irakasle bat, NUPetik kanpokoa eta Gizarte Kontseiluak izendatua; Irakasleen Gaietarako errektoreordea; ikastegiak eta sailak ordezkatzen dituzten zenbait irakasle; unibertsitateko ikasleen ordezkari bat; eta NUPetik kanpoko unibertsitateko irakasle bat, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) izendatua.