Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko 4. ikasmailako Juan Eduardo Moreno Saraiva, Uxue Beraza Lorente, Julen Martínez Ayesa eta Xavier Usunáriz Iribertegui ikasleek “SafeOut” izeneko aplikazioa garatu dute (www.safeout.es). Iruñeko eta Iruñerriko ostatuak koronabirusaren hedapena eragozteko hartutako neurrien arabera puntuatzeko balio du, eta beste erabiltzaileen puntuazioa ere ikus daiteke. Eduardo Magaña Lizarrondo irakasleak ematen duen irakasgai batean garatu dute aplikazioa, Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak izenekoan hain zuzen ere. 

zoom Estudiantes

Aplikazioaren diseinatzaileak: ezkerretik eskuinera, Xavier Usunáriz, Uxue Beraza, Julen Martínez eta Juan Eduardo Moreno.

Oraingoz, Android sisteman erabil daiteke, baina laster prestatuko dute iOSerako. Ikasleek esan dutenez, “SafeOut tresnak aditzera ematen du zenbateko zorroztasunez betetzen diren neurriak ostatuetan, eta hori baliagarria da zein ostatutara joan konfiantzaz aukeratzeko”. Gaineratu dutenez, “baliabide honekin gure aletxoa jarri nahi dugu COVID-19arekin jende gutxiago kutsatzeko eta koronabirusaren hedapena eragozteko, lagungarria izango baita jendea seguru senti dadin tabernetara joaten denean; izan ere, sektore hori ondorio larriak jasaten ari da krisi honetan”. “Bestalde, mesede egin nahi diegu arauak betetzeari dagokionez egunean dauden ostatuei”, esan dute garatzaileek bukatzeko.