José Carlos Urroz Unzueta industria-ingeniari teknikoak hidrogenoa kontsumitzen duten motorrek lortzen duten potentzia eta erregai hori gasolina kontsumitzeko diseinatutako motor komertzialetan erabiltzeak sortzen ahal dituen arazoak aztertu ditu bere doktoretza-tesian.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurritako “Aumento de potencia de un motor comercial de encendido provocado alimentado con hidrógeno: mezclas hidrógeno-metano y combustiones anómalas” tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, eta NUPeko ikertzaileak diren Luis María Gandía Pascual Zientzien Saileko katedradunak eta Pedro María Diéguez Elizondo Ingeniaritza Saileko irakasle titularrak gidatu dute.
Hidrogenoa gas ez-kutsatzailea da, bereziki erakargarria jasangarritasunari eta ingurumenari dagokienez. Europar Batasunak jarraibideak eman ditu hidrogenoa etorkizun hurbilean energiaren bilakaeraren protagonista izan dadin, eta, horien harira, Espainiako Gobernuak ibilbide-orri hau onetsi zuen joan den urrian: “Hidrogenoaren ibilbide-orria: hidrogeno berriztagarriaren aldeko apustua”.
Testuinguru horretan, José Carlos Urrozek azaldu du hidrogenoaren erabileraren adibide argia eta zuzena dela erregai hori gasolinazko ibilgailu komertzialen motorretan erretzea. Izan ere, duela hamar urte NUPeko Hidrogeno Taldeak beharrezko egokitzapenak egin zituen Volkswagen Polo 1.4 gasolina-ibilgailu batek hidrogenoarekin funtziona zezan.
“Logikoa denez —dio tesiaren egileak—, hidrogenoak zenbait eragozpen ditu gasolina erretzeko diseinatutako motor batean erabiltzeko: potentzia txikiagoa ematen du eta errekuntza anomaloak gertatzen dira motorraren zenbait eragiketa-tartetan (detonazioa, sugarraren atzerakada)”. Ildo horretan, “motorra jatorrizko diseinutik hidrogenoarekin erabiltzeko pentsatua balego, potentzia handiagoa eta errekuntza anomaloetarako joera txikiagoa izanen luke”.
José Carlos Urroz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hidrogeno Taldeko kidea da. Talde horrek gasolinarako diseinatutako zenbait motor hidrogenoarekin funtzionatzen jarri ditu dagoeneko. Mugarririk nabarmenena 2010ean izan zen, lortu baitzuten bere kategorian potentzia handienekoa zen ibilgailu komertzial bat —Volkswagen Polo 1.4 L, bi erregai dituena, gasolina-hidrogenoa— hidrogenoarekin funtzionatzen zuen lehena izatea Espainian.
Potentziaren bariazioa
Potentzia handitzeari dagokionez, NUPen motorren bankuan erregaien zenbait nahasketa probatu dira (potentziak eta isurketak aztertuz motorraren eragiketa-tarte zabal batean), eta aire/erregai ratioak optimizatu dira, baita motorraren beste eragiketa-parametro batzuk ere. “Alde batetik, potentzia handitu dugu hidrogeno-metano nahasketekin (nahiz eta isurketa batzuk ere izan diren), eta, bestetik, erregai bakar gisa hidrogenoa erabiliz gero, errekuntza anomaloak lehenago detektatzen ahal dira eta potentzia apur bat gehiago lortzen ahal da motorrean”.
Errekuntza anomaloei dagokienez, ehun eta sei saiakuntza egin ziren proba-bankuan. Zilindroaren barruko presio-sentsoreen, bloke motorraren azelerazioaren eta giro-soinuaren bidez aztertu ziren errekuntzak, eta errekuntza anomaloak goiz detektatzeko eta neurri zuzentzaileak aplikatzeko aukera izan zen.
Tesia, neurri handi batean, ikerketa esperimentaletan oinarritu da, baina fluido konputazionalen dinamikaren simulazioak eta saiakuntzetan erregistratutako datu kopuru handien analisi estatistikoak ere egin dira. Tesiaren parte esperimentala Nafarroako Unibertsitate Publikoko motor termikoen "Carlos Sopena" laborategian egin da, eta Acciona Biocombustibles-en finantzaketa eta Volkswagen Navarra-ren laguntza izan ditu.
Curriculum vitae laburra
José Carlos Urroz Unzueta industria-ingeniari teknikoa da Nafarroako Unibertsitatean (Mekanika espezialitatea) eta Materialen eta Fabrikazioaren unibertsitate masterduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Automozioaren sektoreko industrietan profesional gisa lan egin du, eta duela hemezortzi urtetik NUPeko lantegi eta laborategietan lan egiten du. Ingeniaritza Saileko irakasle elkartuaren zereginekin uztartu du bere lana, eta azken hamar urteetan Motor Termikoak irakasgaia eman du. Hidrogeno Taldeko kide gisa egin du bere ikerketa-lana. Era berean, nazioarteko zenbait kongresu eta ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta bere doktoretza-tesiarekin lotura estua duten edukiei buruzko nazioarteko zenbait argitalpenen egilea da, beste batzuekin batera.