Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingurumen Teknologiak eta Aplikazioak izeneko ikerketa-taldeak (TAMA) zenbait material garatu ditu gatz-zepak erabiliz, hau da, aluminioa birziklatzean sortzen den hondakin industrial batez baliatuz. Antonio Gil Bravo Ingeniaritza Kimikoko katedraduna da ikerketa-taldearen buru, eta, hark azaldu digunez, “hondakin arriskutsu horretatik abiatuz, ingurumen-prozesuetan aplikazioak dituzten materialak garatu nahi genituen, adibidez kutsatzaile sortu berriak desagerrarazten laguntzeko, bai eta atmosferara igortzen diren eta berotegi efektu handia eragiten duten gasak tratatzeko ere”.

zoom Residuos

Ezkerretik eskuinera, Yaneth Cardona, Jonathan Torrez, Antonio Gil, Sophia Korili eta Leticia Santamaría, NUPeko TAMA taldeko ikertzaileak.

 

Aluminioa galdatzeko prozesuan sortzen dira gatz-zepak; izan ere, gatza bota behar izaten zaio aluminioari ez oxidatzeko eta lehengaiaren ezpurutasunak kentzeko. “Gatz-zepak hondakin arriskutsu gisa daude sailkatuak, zeren eta euri-urarekin bustitzen direnean gas arriskutsuak igor baititzakete atmosferara, amoniakoa edo hidrogenoa besteak beste”, azaldu du Gil Bravok.

Aluminioa birziklatzen duen enpresa baten eskariz ekin zioten NUPeko ikertzaileek ikerketa-ildo horri, hondakin mota hori balorizatzeko erronka bota baitzien. “Oro har, isurketa kontrolatu bidez kudeatzen dira halako hondakinak gaur egun, baina kudeaketa-eredu horrek iraungitze data jarria du Europan, eta alternatibak bilatu behar dira”.

NUPeko ikerketa-taldeak proposatutako irtenbidean, ikertzaileek garatutako materialak adsorbatzaile eta fotokatalizatzaile gisa aplikatzen dira, aluminioa galdatzeko prozesuan sortzen diren kutsatzaileak desagerrarazteko (hala nola ibuprofenoa eta diklofenakoa). Adsorbatzaile gisa erabilitako materialek, geruza bikoitzeko hidroxidoek, modua ematen dute kutsatzaile organikoak eta ura bereizteko, molekulen eta haien gainazalaren interakzio kimiko eta fisikoen bidez. Jarduera fotokatalitikoaren kasuan, berriz, zentro aktiboak eduki behar dituzte tratamenduen formulazioek, titanio oxidoa esate baterako; hala, argi ultramorearen eta ikusgaiaren eraginez degradatzen dira kutsatzaile organikoak.

Bestalde, katalizatzaileak garatu dituzte, baita ere, CH4-aren erreformatze lehorrerako (sintesi gasa produzitzeko teknologia) eta CO2-aren balorizazioan eta biltegiratzean. Izan ere, bi gas horiek berotegi efektua eragiten dute. Kasu horretan, prozesu katalitikoetarako beharrezkoak diren tenperatura altuetan egonkorrak diren materialak sintetizatu dituzte. Horretaz gainera, erreakzio kimikoan parte hartuko duen fase metaliko bat ere behar da. “Irtenbide horiek —esan du ikertzaileak— ekonomia zirkularraren estrategian sartzen dira, zeren eta balio ekonomikorik ez duen hondakin bat tratatuz balioa ematen baitiogu, ingurumen arazoak konpontzeko balio duten materialak sortzen ditugulako”.

Lau patente

Antonio Gil katedradunaz gainera, Sophia Korili Ingeniaritza Kimikoko irakasle titularrak eta doktoretza aurreko ikertzaile kontratudun hauek osatzen dute taldea: Yaneth Cardona Rodríguez, Jonathan Torrez Herrera eta Leticia Santamaría.

Finantzabide hauek izan ditu NUPen egindako ikerketak: Europar Batasunaren Esparru Programa, Espainiako Plana (MAT2016-78863-C2-1-R), Feder funtsak, Nafarroako Gobernua (CORRAL proiektua) eta IDALSA enpresaren kontratuak. Ikerlanari esker, 4 asmakizun patente aurkeztu dituzte, artikulu zientifiko ugari argitaratu dituzte eragin handiko aldizkarietan, hitzaldiak ematera gonbidatu dituzte hondakinei buruzko biltzar espezializatuetan, eta 4 doktoretza-tesi jarri dira abian. Gainera, harremanak estutu dituzte beste ikerketa-talde batzuekin, bai Espainian (Salamancako Unibertsitatea) bai nazioartean (Brasilgo Universidade de Franca eta Belgikako Université Catholique de Louvain).