Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak “TEFE” proiektuan parte hartuko du (Teachers of English for Future Europe / Etorkizuneko Europarako Ingeleseko Irakasleak), Erresuma Batuko, Alemaniako, Poloniako, Eslovakiako eta Txekiar Errepublikako bost unibertsitaterekin batera. Proiektu horren helburua da unibertsitate bakoitzak ingeleseko maisu-maistren prestakuntzan garatzen dituen jardunbide egokiak partekatzea eta nazioartekotzea, bai eta praktikak beste herrialde batzuetako eskaintzarekin osatzea ere. 

zoom Profesorado Proyecto

Ezkerretik eskuinera: Mónica Aznárez Mauleón, Mª Camino Bueno Alastuey eta Jesús Lasheras Balduz, TEFE proiektuan dauden NUPeko irakasleak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko parte-hartzaileak Mª Camino Bueno Alastuey, Mónica Aznárez Mauleón eta Jesús Lasheras Balduz dira, Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailekoak. Mª Camino Bueno Alastuey Hizkuntzaren Didaktikako eta Literaturako irakasle eta proiektuaren NUPeko koordinatzaileak azaldu duenez, “irakaskuntza horri aurre egiteko modua aldatzen ari da Europa osoan, eta enplegurako eta ikaskuntzarako aukera berriak sortzen ari dira ikasleentzat eta ingeleseko irakasle gisa graduatu berri direnentzat”.

Proiektuak iraunen duen hiru urteetan, irakasleek eta ikasleek unibertsitate parte-hartzaile bakoitza bisitatuko dute, irakasleen prestakuntzari nola heltzen dioten jakiteko eta graduatu berriek etorkizunean izanen dituzten enplegu-aukerak ulertzeko.

Proiektuak irauten duen bitartean, zenbait material argitaratuko dira jardunbide egokienekin, eta horiek erreferentzia gisa balioko dute beste erakunde batzuetako irakasleentzat. Halaber, graduatuen nazioartekotzea sustatu nahi da, eta Europar Batasunaren helburuetako bat betetzen laguntzea, helburu hau hain zuzen: herritarrak gai izatea ama-hizkuntzaz gain beste bi hizkuntza ezagutzeko.

Ekitaldi garrantzitsuenetako bat irakasle eta mentoreentzako prestakuntza-programa trinko bat izanen da, NUPek antolatuko duena 2021eko ekainean. Proiektuaren beste mugarrietako bat Krakovian (Polonia) izanen da, 2023ko apirilean, non osoko konferentzia bat eginen den prestatutako material guztiak ezagutzera emateko.

TEFE proiektuak (2020-1-CZ01-KA203-078201) hiru urteko iraupena du eta 285.000 €-ko finantzaketa jasoko du Aliantza Estrategikoaren Erasmus Programari esker. Parte hartuko duten unibertsitateak hauek dira: Hego Bohemiako Unibertsitatea (Txekiar Errepublika), Astongo Unibertsitatea (Erresuma Batua), Passauko Unibertsitatea (Alemania), Krakoviako Jagiellonian Unibertsitatea (Polonia), Bratislavako Comenius Unibertsitatea (Eslovakia) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (Espainia).