Joan eduki nagusira

Miriam Cabello Olmo Giza Nutrizioko eta Dietetikako gradudunak “Probisan” izeneko produktua ikertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen doktoretza-tesian, 2. motako diabetesa prebenitu edo haren konplikazioak arintzen ahal dituen jakiteko. “Probisan” abeltzaintzan elikadura osatzeko erabiltzen den belaunaldi berriko produktu bat da, postbiotiko deitua.

zoom Tesis

Miriam Cabello Olmo

 

Ikerketaren helburu nagusia produktu horren babes- edo terapia-efektua ikertzea izan zen. Horretarako, ikerketa esperimentala egin zuen 2. motako diabetesa eta gizentasuna zuten arratoietan, bere ikerketa-taldearekin batera. “Sei hilabetez esku hartu ondoren, ikusi genuen “Probisan” hartu zuten animaliek odoleko glukosa-kontzentrazioaren kontrol hobea zutela, eta maila osasungarriagoak zituztela aztertutako gainerako aldagaietan ere, besteak beste, biziraupen handiagoa”.

“Probisan” landare-jatorriko elikagai hartzitua da —Nafarroako enpresa batek ekoitzia eta merkaturatua—, mikrobio-jatorriko metabolitoak eta beste molekula batzuk dituena, eta heste-mikrobiota modulatzeko ahalmena duena (gure hesteetan bizi den mikroorganismoen multzoa). “Hain da handia mikrobiotak gure ongizatean duen eragina, non haren osaeran eta/edo jardueran izandako alterazioak urdail-hesteetako gaixotasunekin lotu baitira, baita urdailetik kanpoko beste gaixotasun batzuekin ere, besteak beste, diabetes mellitusarekin, gizentasunarekin eta depresioarekin”, adierazi du ikertzaileak.

Dieta da hesteetako mikroorganismoetan eragin handiena duen faktoreetako bat, eta, beraz, ohitura dietetikoetan aldaketak egitea da geure mikrobioen bidez osasuna zaintzeko edo hobetzeko estrategia nagusietako bat. Miriam Cabellok bere lanean ondorioztatu du “Probisan” onuragarria izan litekeela 2. motako diabetesa prebenitzeko eta/edo gaixotasun horren konplikazioak arintzeko.

Bakterio eta legamia biziak

Ikerketaren beste parte bat “Probisan” produktuak dituen bakterioen eta legamien biziraupen-tasan oinarritu zen, ondorio onuragarrietan ere eragina izaten ahal duelako. “Urtebeteko jarraipena egin ondoren, ondorioztatu genuen hozte- eta izozte-tenperaturek hobeto errespetatzen dituztela produktuan dauden mikroorganismoak, batez ere legamiak, sentikorragoak baitira biltegiratze-baldintzekiko”. Aldiz, ikusi zuten ontziratze-denborak ez zuela eragin nabarmenik izan mikroorganismo bideragarrien kopuruan.

Miriam Cabellok azaldu duenez, lehen ikerketaren (2. motako diabetesaren aurkako babes-efektua) eta bigarrenaren (bakterioak eta legamiak gutxitzea biltegiratze luzean) emaitzak egiaztatu ondoren, “pentsatu genuen agian mikroorganismo bizidunak ez, baizik eta “Probisan” produktuaren beste osagai batzuk izaten ahal zirela egiaztatutako ondorio onuragarrien erantzule. Zehazki, jatorri mikrobianoa duten metabolito eta egituretan pentsatu genuen, ezaguna baita substantzia horien efektu onuragarria eta, gainera, ez direlako hain sentikorrak biltegiratze-baldintzekiko".

Tesiaren egilearen iritziz, “etorkizuneko ikerketetan balora liteke elikagai funtzional edo nutrazeutikoak garatzea komeni ote den 2. motako diabetesa, gizentasuna eta beste gaixotasun metaboliko batzuk prebenitzeko edo tratatzeko”.

“Estudio de estabilidad de un producto fermentado de origen vegetal y su efecto en un modelo murino de diabetes tipo 2” izeneko doktoretza-tesiaren zuzendariak Miguel Ángel Barajas Velez (Biokimikako eta Biologia Molekularreko irakasle titularra NUPen) eta Miriam Araña Ciordia izan dira (arlo bereko irakasle laguntzaile doktorea). Tesiaren kalifikazioa bikain "cum laude" izan zen. 

Curriculum vitaea

Miriam Cabello Olmo Giza Nutrizioko eta Dietetikako graduduna da Pablo Olavide Unibertsitatean (Sevilla). Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Osasun Zientzietako Ikerketako Unibertsitate Masterra ikasi zuen. Ondoren, Nafarroako Gobernuaren Industria Doktoreak Kontratatzeko Laguntzetako bat lortu zuen (2017-2019), Pentabiol S.L. enpresarekin batera (Ezkirotz). Laguntza horiei esker, enpresek doktoregai bat kontratatzen ahal dute unibertsitate batekin lankidetzan, doktoretza-tesia barne hartzen duen eta erakunde kontratatzailearentzat interesgarria den ikerketa-proiektu bat egiteko.

Bere tesian zehar, ikerketa-egonaldiak egin ditu zentro hauetan: Centre de Recerca en Sanitat Animal (Bartzelona); Txekiar Errepublikako Veterinárni a farmaceutická univerzita Brno, the Central European Institute of Technology (CEITEC) eta Agrobac Sro (elikagai-bioteknologiako enpresa); eta South Dakota University (AEB). Halaber, zenbait argitalpen zientifiko argitaratu ditu eragin handiko aldizkarietan, eta komunikazioak eta posterrak aurkeztu ditu zenbait kongresu zientifikotan.