Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile batzuk aurpegian emozioak detektatzeko sistema bat diseinatzen eta garatzen ari dira, eta aztertutako kasuen % 93 asmatu ditu. Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko José Javier Astrain Escola irakaslea da taldeko burua, eta gainerako ikertzaileak, berriz, Yaiza Álvarez Cubillo, Jesús Villadangos Alonso, Alberto Córdoba Izaguirre, Pablo Medrano Fernández eta Iñigo Paños Basterra.
BRAINSENS proiektuko ikertzaileak, NUPen. Ezkerretik eskuinera, aurreko lerroan: Hansel Fernández, Yaiza Álvarez eta Iñigo Paños. Ezkerretik eskuinera, atzeko lerroan: Mikel Berástegui, Pablo Sarobe, Jesús Villadangos eta José Javier Astrain.
BRAINSENS du izena ikerketa-proiektuak, Nafarroako Gobernuak finantzatzen du 109.167 eurorekin, eta Nafarroako Smart Talent Source SL enpresa du liderra. Enpresa horrek adimen artifizialean eta errealitate birtualean oinarritutako teknologiak garatzen ditu, gauza direnak aurpegiko emozioak antzemanez gaixotasun neurologikoak diagnostikatzeko eta errealitate birtualean oinarrituz errehabilitazio kognitiboan laguntzeko. Hansel Fernández Torres da enpresako liderra, eta Mikel Berastegui Polok eta Pablo Sarobe Gonzálezek ere badute partaidetza enpresan.
NUPeko ikertzaileek diotenez, “gizakion erreakzio psikologikoak emozioetan islatzen dira, eta emozioak aurpegian adierazten dira batik bat. 1972an, gizakiok oinarrizko sei emozio ditugula finkatu zuen Paul Ekman psikologoak: haserrea, nazka, beldurra, poza, tristura eta ustekabea. Sailkapen unibertsala da, eta kultura guztietako jendeak sentitzen ditu txiki-txikitatik. Hortaz, emozio horiek detektatzen eta interpretatzen jakitea giza eboluzioaren funtsezko alderdia da”, azaldu dute. Patologia jakin batzuen ondorioz, ordea (jaiotzetik izaten direnak edo gerora garatuak), gaixoa ez da gauza izaten besteen emozioak antzemateko, eta horrek, jakina, arazo pertsonal eta sozial asko ekar diezazkieke: “aurpegiko espresioen detekzioaren ikerketa funtsezkoa da patologia neurologikoetan, argitzeko zer mekanismo dagoen espresio bakoitzaren atzean; izan ere, halako defizitak behar bezala diagnostikatzen eta tratatzen laguntzen dute”, azaldu dute NUPeko ikertzaileek.
50.000 irudi baino gehiago
NUPeko ikertzaileek garatutako sistema ikaskuntzako algoritmoetan oinarritua dago, eta 50.000 irudi baino gehiago erabili ditu entrenatzeko. Gorago aipatu bezala, diagnostikoa egiteaz gainera, “errealitate birtuala baliabide terapeutiko gisa erabiltzen dute, eta oso emaitza onak izan ditu alternatiba berriak”. Izan ere, pazienteek aurpegiko emozioak interpretatzen ikasi edo berrikasi ditzaten ere balio du teknologia berriak.
NUPeko ikertzaileek azaldu dutenez, gizakiok egiazko mundu birtual batean murgiltzeko eta interakzioan aritzeko gaitasuna dugunez, zenbait ariketa egin daitezke arreta, oroimena eta pertzepzioa hobetzeko, eta, oro har, portaera prosoziala, hau da, besteei laguntzera edo poza ematera bideratzen den portaera bultzatzeko. Horrenbestez, “emozioak antzemateko sistema errealitate birtualean integratuz, zenbait patologia diagnostikatzen laguntzeko sistemak ari gara garatzen, zehazki aurpegiko espresioak detektatzeko ezintasuna dakarten patologiak diagnostikatzekoak, bai eta pazienteen beharretara egokitutako terapia kognitiboak ere”.