Zuzenbideko eta beste arlo batzuetako 61 ikertzaile eta profesionalek “COVID-19: conflictos jurídicos actuales y otros desafíos” izeneko monografia argitaratu berri dute, Raquel Luquin Bergareche Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Zibileko irakasle titularrak gidatua eta koordinatua. Pandemiaren testuinguruan Espainian hartu diren neurriak aztertzen ditu lanak, baita arlo hauetan planteatzen diren erronkak eta desafioak ere: zuzenbidea, gatazkak kudeatzeko metodologia alternatiboak (ADR), bioetika, adimen artifiziala, osasuna, ekonomia eta ingurumena.
Ezkerretik eskuinera, monografia honetan parte hartu duten egileetako batzuk: Lehenbiziko lerroan (aurrekoan): Pilar Peña, Teresa Hualde, Elisabetta Mazzilli, Raquel Luquin, Marian Ániz, Águeda Tortajada eta Irene Tortajada. Bigarren lerroan: Cristina Zoco, Alicia Chicharro, María Jorqui, Humberto Bustince, José Luis Iriarte, Mirentxu Marín eta Aritz Romeo. Hirugarren lerroan: Elena Sarasa, Juan Carlos Orenes, José F. Alenza eta María Ángeles Egusquiza. Laugarren lerroan: Iñaki Riaño, Manuel Richard, Unai Belintxon, Rafael Lara, Francisco Javier Fernández eta Julen Llorens.
Luquin irakasleak azaltzen duenez, “osasun-kolapsoak ematen dituen zifrek eta ekonomiaren alorrean sumatzen den ziurgabetasunak eragindako urduritasunean murgilduta gauden honetan, premiazkoa da indarrak batzea eta eraldaketa sozialaren une erabakigarri honetan nork bere aletxoa jartzea gai praktiko eztabaidagarrien azterketa zorrotza eginez”.
Ekimena apirilean sortu zen, konfinamenduaren unerik gorenetan, eta, orain, ospe handiko hirurogei ikertzaile eta profesional baino gehiagoren artean osatutako argitalpen kolektibo hau argitaratu da. Horietako hogeita hamar Nafarroako Unibertsitate Publikokoak dira, eta, gainerakoak, Garrigues etxeko abokatuak, adimen artifizialaren arloko aditu ezagunak, Enpresa Institutuko irakasle eta profesionalak, bitartekariak, psikologoak, ingeniariak eta arkitektoak.
800 orrialde baino gehiagotan gai praktikoak jorratzen dira, hala nola “rebus” klausularen irismena, kontratuen birnegoziazioa, administrazioen erantzukizuna, intimitaterako eskubidea, blockchain aplikazioak, justizia digitala, zehapen-araubidea, etab., eta askotariko gaiak, esaterako nazioarteko erakundeen erantzukizuna, datu pertsonalen tratamendua osasun-krisian, koronabirusaren garaiko erantzukizun penala, etab. Lana lau zatitan dago egituratua: alde batetik, zuzenbide publikoa, zuzenbide pribatua eta ADR: negoziazioa, bitartekaritza eta arbitrajea; bestetik, ekonomia, adimen artifiziala, osasuna, ekologia eta hirigintza.
“Diziplinarteko lankidetza eta praktikara bideratutako ikuspegiak funtsezkoak izanen dira jada hemen dagoen etorkizun honetan —adierazi du Raquel Luquinek—, errealitatea poliedrikoa eta gero eta konplexuagoa baita, eta diziplinak ez baitira konpartimentu estankoak. Lan honek bidea irekitzen dio ikertzaileen eta eragile juridiko, ekonomiko eta sozialen arteko sinergien agertoki bati, non gure Unibertsitatea oso ongi kokatuta baitago, bere ikerketen kalitateagatik eta gizarteratzen eta praktikara eramaten duen guztiagatik”.
Monografia abokatuei, epaile eta magistratuei, arlo juridiko, fiskal eta enpresarialeko aholkulari eta kontsultariei eta gatazketako bitartekari eta negoziatzaileei zuzendua dago bereziki, berehala aplikatzen baita foroan nahiz judizioz kanpoko praktikan.